Euskarazko kultura digitala landuko dute Donostiako hamahiru ikastetxetan
XARE Euskarazko Kultura Digitalaren jardunaldia aurten berriz ere abian da formatu berritu batekin. Pandemiagatik bertan behera geratu zen iaz, baina aurten, online saioekin eta modu deszentralizatuan antolatu du Donostiako Udalak, azaroaren 15etik abenduaren 17ra.
Hamahiru ikastetxetako DBHko 4. edo Batxilergoko 1. ikasmailetako ia 1.000 gaztek hartuko dute parte. Zazpi lantegi praktiko eskaini dira eta ikastetxe bakoitzak ikasle kopuruaren arabera bat edo bi aukeratu ditu.
Lantegiez aparte, Moodle online ikaskuntza plataformaren bidez bi saio eskainiko dira, bata sarean pribatutasuna zaintzearen gainekoa eta bestea, online harremanak izateari buruzkoa. Bi saiook euskarazko kultura digitalarekin loturiko proiektuen bideo-aurkezpen laburrez osatuko dira.
Hau da aurtengo eskaintza:
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
- Podcast (Dj Makala)
- Argazkilaritza mugikorrarekin: instagram baino gehiago (Oier Fuentes)
- Appinventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
- Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
- 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
- Memeak: umorezko mezu sinpleak dira, kultura digitalaren ezinbesteko edukia, are gehiago nerabe eta gazteen artean (Ion Celestino)
Bi saioko ikastaroa Moodle bidez
Jardunaldiak aurten dakarren berrikuntza, on line eskainiko den bi saioko ikastaroa da. Horretarako, Moodle on line ikaskuntza plataforma librea erabiliko da. Bi saio IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartaraziko dute, eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere. Saio batean Maider Likonak (Gipuzkoako Software Askea) Pribatutasuna Sarean gaia jorratuko du. Eta bestean, Ane Ortizek (Emaize Sexologia Zentroa) Harremanak 3.0: like bat eman gaiari buruz hitz egingo du.
IKTak eta euskara lotzeko premia
Euskarak azken urteetan Informazio eta Komunikazio Teknologien alorrean aurrerapauso nabarmenak egin dituen arren, euskararen presentzia urria da esparru honetan. Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak adierazi duenez: “Interneten eta ingurune digitalean oro har, euskarazko edukiak areagotzeko ekimenak beharrezkoak dira. Euskarazko tresna teknologikoak egon badaude, baina horiek ikusgarriago egitea eta ezagutzera ematea garrantzitsua da oso, batez ere gazteen artean”.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren ekimenez abian jarritako egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso du.