Zigorrari aurre egiteko hiru puntu garrantzitsu
Realak albiste txar bat jaso zuen hilaren 12an. Espainiako Futbol Federazioak hiru puntuko zigorra ezarri zien txuri-urdinei, haren ikurra elastikoan ez jartzeagatik. Realari ez ezik, zigor bera jarri zien Levanteri eta Vila-Reali. Hiru taldeek adierazpen bateratua kaleratu zuten federazioaren erabakia kritikatu eta neurri juridikoak hartuko dituztela adierazteko. Hori dela eta, larunbatean Atletiko Madrilen kontra jokatu zuten neurketa berezia izan zen. Partida hasi aurretik, kamisetan zeramaten federazioaren ikurra eskuarekin tapatu zuten protesta gisara.
Kendutako puntuak irabazteko amorruarekin atera ziren berdegunera txuri-urdinak. Hasieratik bukaeraraino lehiatu zuten neurketa, eta saria luzapenean eskuratu zuten. Nerea Eizagirre kapitainak penaltiz egindako golari esker urrezko hiru puntu eskuratu zituzten. Aldarrikapenaren hiru puntu.
Eskubaloian, Bera Berak huts egin zuen Errumaniako Ramnicu Valcea talde indartsuaren kontra. Lehen zatian aurkariei eutsi arren, bigarren zatian sei goleko tartea lortu zuten errumaniarrek (34-28). Itzulerako norgehiagoka etxean izango da, baina denboraldiko neurketa onena egin beharko dute Europa ligan jarraitu nahi badute.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinek burua altxa ezinda jarraitzen du gizonezkoen lehenengo mailan. Oraingoan, Nordic Vikingsen pistan galdu zuten (6-1). Sailkapeneko putzutik ateratzeko maila hobea eman beharko dute datozen jardunaldietan.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen lehenengo maila, 10. jardunaldia
- Atletiko Madril 0 – Reala 1
Eskubaloia
Europa liga
- Ramnicu Valcea 34 – Bera Bera 28
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehenengo maila, 9. jardunaldia
- Nordic Vikings 6 – Txuri Urdin 1