Ate irekien zerbitzua Ondarretako aterpetxean emango du udalak
Donostiako Udalak gaur jarri du abian muturreko hotz aurreikuspen egunetan etxegabeei larrialdi arreta egiteko neguko dispositiboa. Zerbitzua Ondarretako La Sirena aterpetxean emango dute, eta zerbitzua hobetzeko ordutegia zabalduko dela nabarmendu du udalak.
Iaz, COVID-19aren ondorioz, Gizarte Ekintzako sailak zerbitzua Ubako aterpetxean eman zuen. Neguko dispositiboak iraun zuen bitartean, urtarrileko sei gautan ireki zuten Ate Irekien Zerbitzua, eta, guztira, 169 pertsona artatu zituzten. Nola funtzionatu zuen ikusita, Gizarte Ekintzak erabaki du aurten zerbitzua Ondarretako aterpetxean ematea, “lekua egokiagoa, irisgarriagoa eta hobeto kokatuta” dagoelako.
Ordutegi aldaketa
Iazko neguan zerbitzua Abegi Etxetik Ubara eraman zen, eta beste hainbat zerbitzurekin guneak partekatzen ez zirenez, ordutegia aldatzeko aukera egon zen. Horrenbestez, zerbitzua 22:30etik 07:30era izatetitk 21:00etatik 08:00etara izatera pasa zen. Horiek horrela, behin ikusita erabiltzaileek egoki ikusi zutela ordutegi aldaketa, Gizarte Ekintzak erabaki du muturreko hotz aurreikuspen egunetan zerbitzua 21:30etik 08:30era emango dela.
Horren harian, udalak onartu du Gizarte Larrialdietako Zebitzuaren kontratua aldatzea zerbitzuaren arduradunei prestasun plusa eta gaueko zerbitzuagatiko plusa ordaintzeko 2021eko azaroaren 16tik 2022ko martxoaren 31arte, eta gehieneko aurrekontua 11.193 eurokoa izango da.
Udalak Ate Irekien Zerbitzua Suhiltzaile, Udaltzaingo, SOS Deiak, Osakidetzako larrialdi eta kalean bizi diren pertsonekin lanean ari diren elkarteekin elkarlanean ematen du. Eta elkarlan honi esker, iragarritako hotzaldietan kalean topatzen dituzten etxegabeei aterpe zerbitzuaren berri eman ahal izango diete.