Flandriako kultur eragileekin batera topaketak egin dituzte hainbat euskal eragilek
Etxepare Institutuak antolatuta, Euskal Herriko eta Flandriako eragileen arteko topaketa profesionala egiten ari dira azaroren 15etik 17ra. Donostian izan dira gaur goizean, Tabakaleran. Hizkuntza, kultura eta sormen industrien alorreko hamabost erakundetako ordezkariek hartuko dute parte, EAEko 30 euskal eragile ingururekin batera. Flandria eta Euskal Herriaren arteko kultur harremanak estutzea du helburu, euskal kulturari leihoa irekitzeko xedez.
“Elkar ezagutzea areagotzeko, bi herrialdeen arteko kultur trukaketak sustatzeko, bi aldeetako sorkuntza eta hedapena bultzatzeko, esperientzia eta ezagutza trukatzeko, eta kultur erakusleihoak” eratzeko helburuarekin antolatu ditu topaketa hauek Etxepare Institutuak.
Tabakaleran batu dira eragileen artean, honakoak zeuden, besteak beste: Albaola, Artekale, Artium Museoa, Azkuna Zentroa, EIE, Dantzaz, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Irudigileak, Musika Bulegoa, Musikari, Okela eta Tabakalera.
Flandria-Euskadi hitzarmena
Astelehenean Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin zion Jan Jambon Flandriako ministro-presidenteari. Memorandum berria sinatu zuten (MoU) Urkulluk eta biek atzo, 2015ean sinatu zuten lankidetza-akordioa indartzeko. Euskadik eta Flandriak orain arte izan dituzten lankidetza-esparruak errepasatu zituzten, eta bi lurraldeek dagoeneko lankidetzan ari diren arloen balantzea egiteko ere balio izan zien topaketak, hala nola kultura- eta sormen-industriak, bioteknologia, adimen artifiziala, klima-aldaketa edo turismoa. Lan-eremu berriak aztertu zituzten, digitalizazioa eta zibersegurtasuna, besteak beste. Gainera, pandemiaren ondoriozko egoerari eta etorkizuneko aurreikuspenei buruzko ikuspegia partekatu zuten bi presidenteek.
“Flandes eta Euskadi integrazio europarrarekin konpremitutako bi errealitate nazional gara”, adierazi du lehendakariak. Flandriak Quebec eta Eskoziaren lekukoa hartuko du.