"Bizilagun guztion ardura da zurrumurru arrazistak etetea"
Blas de Otero plazaren inguruan izan diren lapurreten eta mehatxuen harira, Egiako hainbat eragilek adierazpen bat plazaratu dute.
Gertakariak salatzearekin batera, hedabide batzuek egoera baliatuz harturiko “jarrera arrazistak” kritikatu dituzte. Horrekin batera, auzo seguru baten aldeko lana “bizilagun guztien eskubideak bermatzetik abiatzen dela” uste dute. Eskubide horiek bermatzea erakunde publikoena dela nabarmendu dute.
Hona hemen osorik irakurgai plazaratu duten oharra:
“Auzoko bizilagun, elkarte eta eragileok:
Azken hilabeteetan egoera gatazkatsuak eman dira bai Blas de Otero plazako bizilagunentzat (Atotxako dorrea, Egia) baita bertara joaten diren gazteentzat ere.
Gertakarien harira, testua sinatzen dugun eragileok gertatutakoaren inguruko hausnarketa hau egiten dugu. Izan ere, orain arte irakurritakoak eta atera diren kontrastatu gabeko informazioek kezka sorrarazi digute egoerak har dezaken norabidearekiko.
Honako eragileetatik, auzoan izaten ari diren zenbait gertakari (lapurretak, mehatxuak) onartezinak direla uste dugu eta bizilagunengan segurtasun eza eragitea ulertzen dugu.
Bestalde, hedabide batzuek egoera baliatuz hartutako jarrera arrazistak salatzen ditugu. Beraien egunkari eta sareetan gezurrak nahiz kontrastatu gabeko datu eta informazioak ipini dituzte, errua eta ardura guztia kolektibo baten gain utziz eta egoera zaurgarrienean daudenen kontrako zurrumurru arrazistak zabaltzen kolaboratuz.
Horren aurrean, testua sinatzen dugun eragileetatik, beharrezkoa ikusten dugu baliabide eta irtenbide politiko eta komunitarioak bilatzea. Horretarako, egoera modu globalean eta sistemaren egiturazko arazo baten gisan ulertu behar dugu. Esan beharrik ez dago halako egiturazko arazoek egiturazko konponbide bat behar dutela ezinbestean.
Egia auzo seguru baten aldeko lana bizilagun guztien eskubideak bermatzetik abiatzen dela uste dugu, bizilagunon jatorria edozein izanda ere. Honako eskubideak bermatzearen ardura administrazio publikoaren betebeharra dela uste dugu, ez soilik polizia eta segurtasun kamera gehiago jarriz, baizik eta etxebizitza duina, oinarrizko elikadura, osasun zerbitzu egokiak edota urbanistikoki bizigarriak diren espazioak eskainiz.
Argi utzi nahi dugu, migrazioak eta kultur aniztasunak ez dakarrela segurtasun eza auzoan, baizik eta goian aipatutako oinarrizko eskubideak bermatuta ez edukitzeak.
Hau honela izanik, bizilagun guztion ardura da zurrumurru arrazistak etetea eta honako egoeren aurrean udalak dagokion erantzuna eman dezan exijitzeko gure artean antolatu eta saretzea”.
Orain arte atxikimendua eman duten eragileak ondorengoak dira: SOS Arrazakeria, Egia Bizirik auzo elkartea, Emaus Gizarte Fundazioa, Elkarrekin Kooperatiba Txikia, Hiritarron Harrera Sarea, Egia 22 Etxebizitza Asanblada, Ernai Egia gazte antolakundea, Antxeta Ttanttakun aisialdi Elkartea, Darkum elkartea, Eihera kooperatiba, Donostiako Bilgune Feminista, Egiako Afari Solidarioak, Egiako Azoka Txikia, Egiako Literatur Solasaldiak, Latxaga guraso elkarteko batzorde iraunkorra, Aitor Ikastolako kulturarteko talde eragilea eta Bidez Bide.