Donostian bukatuko da 22. Korrika
134 egun falta dira lekukoa hartu eta eskuz-esku Euskal Herria euskararen alde hamaika egunez zeharkatzeko. Amurrion abiatuko da 22. Korrika, martxoaren 31n, eta Donostian bukatuko da, apirilaren 10ean. Hitzekin izango da 2022ko Korrikaren lelo nagusia, eta aurkezpen bideoan nabarmendu dute hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela.
2021. urtean zen egitekoa 22. Korrika, baina pandemiak atzeratu egin zuen. AEK-k adierazi zuen 2022. urtean “bai edo bai” egingo zela, eta gaur eman dituzte ibilbide berriaren lehen xehetasunak.
Pilota eta korrika uztartu dituzte aipaturiko aurkezpen bideoan: “Gantxoz, bi paretaz zein botez, hitz egin eta ekinez, baliabide guztiekin eta guztiok hitza emanez”. Bestalde, denon esku dagoela ere diote: “Ikasle, euskaldun zein erdaldun, eragile edo agintari, ekin! Orain da 22. tantoa egiteko unea; euskaraz eginez. Hitzek, hizkuntza; eta ekinak, herria. Ekin, eragin eta eginarazi! Ekin Korrikari!”.
Omenaldi berezia
Korrika egiten den urte guztietan AEK-k egin ohi duen moduan, 22. Korrikan omenaldi bat egingo dute; kasu honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte, 34 urtez egin duten lana eskertzeko: “1987ko sortu zen taldea eta gaur egun Euskal Herriko pailazorik arrakastatsuenak dira. 24 urteko ibilbidea egin dute euskararen munduan, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten”.
Datozen hilabeteetan emango dituzte antolatzaileek xehetasun gehiago. Parte hartzeko bideak ere zabaldu dituzte. Korrika laguntzaile egin daiteke jada, petoa eta bestelako materiala erosteko eta ekarpen ekonomikoa egiteko.