Udalaren eta Kirol Patronatuaren 70 plaza betetzeko azterketa egingo dute 7.651 hautagaiek BEC-en
7.651 hautagaik parte hartuko dute Donostiako Udalaren 63 administrari plaza eta Kirol Udal Patronatuaren zazpi administrari plaza betetzeko azterketan. Bi prozesu ezberdin izan arren, denboran bat egiten dutenez, udalak eta Kirol Udal Patronatuak kudeaketa bateratua eta koordinatua egitea erabaki dute. Azterketa larunbatean, azaroaren 20an, egingo da BEC-en.
5.321 pertsona – 4.189 emakume eta 1.132 gizonezko – onartuak eta deituak izan dira ariketa teorikoa egiteko, udalaren 63 administrari plaza betetzeko aukera izateko. Plaza hauek administrarien lan postu generikoekin eta Udalinfoko Agente izateko lan postuekin lotura dute. Deitutako 63 plazatik, 58 txanda librekoak dira, eta bost desgaitasunen bat dutenentzat gordetako kupokoak. Horren harian, parte hartzera deitutako hautagaietatik 137 desgaitasunen bat dutenentzat gordetako kupoari dagozkion plazak betetzeko izango dira.
Bestalde, 2.330 pertsonak parte hartuko dute Kirol Udal Patronatuaren 7 administrari plaza betetzeko ariketa teorikoan. Horietatik 6 txanda librekoak izango dira, eta 1 desgaitasunen bat dutenentzat gordetako kupokoa.
Hautaketa prozesua BEC-en egitea erabaki da, hautagai kopuru altua ikusita, eta segurtasun neurriak kontuan hartuta.
Donostiako Udalak “hirian, zein lurraldean horrelako ariketa bat egiteko dauden aukerak aztertu zituen” arren, “tamaina honetako azterketa antolatzeko baldintzak betetzen duten lekurik” ez dagoela adierazi du.