"Afari bero bat ematea bezain garrantzitsua da elkarren arteko ezagutza eta elkarri ematen diogun goxotasuna"
Duela urtebete, 2020ko azaroaren erdialdean, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Konstituzio plazan lo egiten zuten pertsona talde txiki bati afari beroak eramaten hasi ziren, behintzat egunean behin otordu bero bat izan zezaten. Gaur urteurrena dela eta, adierazpenak egin dituzte Konstituzio Plazan. Prozesua nolakoa izan den eta egungo egoera zein den azaldu dute.
Aurreko urteko azaroan, Parte Zaharreko bizilagun talde batek Konstituzio plazako arkupetan gaua igarotzen zuten pertsonengana hurbiltzea erabaki zuen. Zertan lagundu zezaketen galdetu zieten, eta argia izan zen haien erantzuna: “zerbait beroa, gauaren hotzari aurre egiteko”. Horietariko asko, Infernutik kanporatuak izan ziren. Une horretan hasi zen taldea antolatzen eta boluntario kopuruak, eta batez ere, plazara hurbiltzen zen jende kopuruak gora egin zuten. Afariak eskaintzeaz gain, SOS Arrazakeriaren laguntzarekin mantak, lo zakuak, berokiak, zapatak, botikak… lortzen hasi ziren. Martxoan, ordea, Egiako herritar talde batek ere gauero afariak emateari ekin zion.
Agerraldian, urte honetako hainbat datu azaldu dituzte “balantzea egiteko unea” dela iruditzen baitzaie, “esku artean daukagun erronkaren tamainaz jabetzeko”. Parte Zaharrean 10.455 afari eman dituzte, elikagaietan soilik 20.910 euro gastatu dituzte, 2148 ordu eman dituzte sukaldatzen, eta beste 728 ordu laguntza eta hornitze lanetan. Egian, berriz, zortzi hilabete hauetan 14.520 afari banatu dira, elikagaien kostua 29.040 eurokoa izan da, 1590 ordu eman dituzte sukaldatzen, eta laguntzaileek 795 ordu egin dituzte. Gaur egun, Parte Zaharrean, 30-35 lagunei ematen diete afaltzen eta Egian, 60-65 lagunei. Guztira, 100 afari inguru ematen dituzte gauero.
Elikagaien kostu ekonomiko ia guztia boluntarioen gain geratu da. Hala ere, zenbait taberna eta komertzioetan itsulapikoak jartzea erabaki zuten udan eta diru horrekin materiala erosi dute: tuperrak, koilarak, musukoak… Era berean, hilabete hauetan laguntza eskaini duten taberna, komertzio, elkarte zein banakakoei eskerrak eman dizkiete. Udalarekin ere harremanetan izan dira hilabete hauetan, baina boluntarioen hitzetan, “haiek errealitatearen jabe dira, baina bistan da haien planteamenduek jende asko eta asko kanpo uzten dutela”.
“Oso argi dugu gure ekarpena ez dela mugatzen elikagaiak banatzera. Izan ere, afari bero bat ematea bezain garrantzitsua, elkarren arteko ezagutza eta elkarri ematen diogun goxotasuna dira”, gaineratu dute. “Horregatik, gaur errealitate hau, beste behin, iritzi publikoari helarazteko bildu gara. Baina gaurkoa, guretzat ospakizun egun handia da. Beste aldera begiratzeari utzi, eta ezer ez daukanari begietara begiratzen ikasi genuenekoa ospatzeko eguna”.
Ospakizunari bidea emanez, gaur 20:30ean afari berezia egingo dute Konstituzio plazan: “Gaur denok, erabiltzaileak eta boluntarioak, mahaiaren alde berean egongo gara, egiten ari garena oso handia delako”.
Hedabide honek gaiaren inguruko erreportaje zabala egin zuen apirilean.