"Arazoa sakona eta konplexua den bezala, konponbideak ere konplexutasun honi erantzun behar dio"
Egiako Gazte Asanbladak elkarretaratzea egin du 12:00etan Blas de Otero plazan, azken aldian inguru horretan izandako erasoen harira. Izan diren “lapurreta, mehatxu eta bortizkeriez” gain, “hedabideek zein bestelakoek sortutako diskurtso erreakzionario eta arrazistak” gogor salatu dituzte.
Gazte asanbladaren hitzetan, gertaturikoa “egun bizi dugun proletarizazio prozesuaren ondorio” da: “Pobretze eta bizitzaren garestitze orokor baten aurrean aurkitzen gara langileok: soldata jaitsiera, laguntza publiko eza, argindarraren prezioaren gorakada, alokairu neurrigabeak (Donostian bereziki) eta abar luze bat”. “Azken hamarkadan izan den bizi baldintzen okertzeak (proletarizazioak) honelako gertaerak zentroko auzoetara iristea eragin du”, gaineratu dute.
Era berean, “kontrol sozialaren areagotzea eta poliziaren presentzia” irtenbidea izango ez direla nabarmendu dute: “Arazoaren erroari eusten ez dioten neurriak dira, eta beraz, inoiz ere ez dira konponbide izango”. “Arazoa sakona eta konplexua den bezala, konponbideak ere konplexutasun honi erantzun behar dio”. Proposatzen diren neurri batzuekin ados egon daitezkeela esan badute ere, “muga bat” dutela uste dute. Beste neurri batzuk ordea, “guztiz erreakzionarioak” direla adierazi dute, presentzia poliziala areagotzearena, esaterako.
Azken aldiko gertaerak, “arazoaren kasu bat besterik ez” dira asanbladako kideentzat: “Argi dago proletarizazio prozesuak bere horretan jarraitzen duen bitartean arazoa ez dela konponduko. Horregatik, datorren egoera beltzari aurre egiteko geratzen zaigun aukera erreal bakarra antolatzea da”.