Lur azpiko aparkalekuentzako beste erabilera bat bilatzeko eskatu du EH Bilduk
Donostiako Udalak datozen urteetarako hiriko mugikortasun plana, Datorren Donostia, aurkeztu zuen ostiralean, “hiriaren berrantolaketa integralerako planteamendu” gisa, “oinezkoentzako espazioak indartuz, bideak eta garraio publikoa diseinatuz, betiere, topoaren sarearen handitzea kontuan hartuta”. EH Bilduk, oposizioko alderdi nagusiak, plana begi onez ikusi du, “hirian autoaren erabilera murriztea” aurreikusten duelako. Era berean, nabarmendu du 2016an EH Bilduk berak egindako mugikortasun proposamenean jasotako “zenbait neurri” jasota daudela oraingo planean ere. Ordea, erdiguneko lur azpiko aparkalekuetan jarri du fokua: “Autoen sarrera murriztu nahi badugu hiraren erdigunean, ezin da ulertu auto murrizketarik orain arteko dugun aparkaleku eskaintza berarekin”.
“Egun, erdigunean bakarrik, 2.869 plaza daude errotaziorako aparkalekuetan, hau da, egunean 10.000 kotxe inguru sartzeko aukera dago. Eta gainera, udalak epe oso luzeko emakida egin ditu parking hauetarako. Kontxakoa adibidez 2058 urtean bukatzen da eta lehen amaituko den emakida Artzain Onekoa litzateke, 2043an”, azaldu du Garbiñe Alkiza zinegotziak. “Badakigu irtenbidea ez dela erraza, enpresa emakidarekiko kalte ordainak eta aparkalekuetako langileen lan baldintzak tarteko, baina, benetan mugikortasun jasangarria sustatu eta autoak gure hirigunetik atera nahi baditugu, lehentasunezkoa izan beharko luke aparkaleku publikoen arazo estrategikoari irtenbide bat bilatzea”, gaineratu du.
Ildo horretatik, zinegotziak nabarmendu du udal gobernuak “ziurtatu” egin beharko lukeela “etorkizunean ez dela emakida berririk egingo eta aparkalekuak zerbitzu publiko bihurtuko direla”. “Aukera ezin egokiagoa litzateke, orain DTK mugikortasun operadore integrala bihurtzeko hasitako bidea erabiltzea. Hau da, DTK bera izatea Donostiako aparkaleku publikoak kudeatzea etorkizun batean, Gasteizen Tuvisak egiten duenaren pare”, gehitu du. Epe luzera begira ere jarri da Alkiza: “Erdiguneko lur azpiko aparkalekuak berreskuratzeko plan errealista eta egingarri bat behar dugu. Egungo autoen murrizketarekin, argi dago aparkalekuek ezin dutela egun duten erabilera bera izan. Hortaz, lur azpiko aparkalekuen erabilera berri bat aztertzea eskatuko dugu”. Hain zuzen, libratzen diren plazek beste erabilera batzuk izan ditzaketela adierazi du zinegotziak: “Hala nola, errotaziozko aparkaleku jakin batzuk bertakoentzat bihurtzea, honek lur gaineko espazio publikoa libratuko eta handituko luke; bizikletentzako aparkaleku seguruak sortu; dendak hornitzeko gune logistikoa; hiriko garraio jasangarria sustatzeko cargo bike bizikletentzako gunea, eta abar”.
Larrialdi klimatikoa hizpide
Udal gobernuaren neurria Europak datozen urteetara begira ezarritako erronka klimatikoen barruan kokatzen da, eta, hain zuzen, EH Bilduk kezka adierazi du zentzu horretan: “Emisio baxuen eremuak Europak derrigortzen dituen zerbait da. Eta udal gobernuak Europatik eta Madrildik etorriko diren funtsak lortu ahal izateko programa bat aurkeztu behar zuen. Gure beldurra da ea, ondoren, ez den paperean geratuko. Funtsekin edo gabe egin beharreko zerbait da, gure ustez”. Horrez gain, “hitzetatik ekintzetara gauzak asko aldatzen baitira, ia beti, Eneko Goiaren gobernuan. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenarekin, iragarri bai, baina gero ez da garatu”, gaineratu du Alkizak.
Bestalde, metroaren igarobideak plana “baldintzatzea” kritikatu dute: “Ez dugu ulertzen zergatik jartzen den helburua hau dena gauzatzeko ‘metroaren obrak bukatzen direnean’, 2025ean. Metroaren igarobideak ezin du baldintzatu plan hau, azken finean, geltoki berri bat egiten da orain dagoena baino hamar minutu gertuago Kontxatik, baina horrek ezin du baldintzatu planaren garapena, inolaz ere ez. Gainera, ikusteko dago noizko egongo den martxan…”.