Baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren alde 7.500 sinadura inguru bildu dituzte
Iraila hasieran batzorde batek legegintzako herri ekimen bat abian jarri zuen EAEn Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta lortzeko. Horretarako, sinadura kanpaina bat abiatu zuten, eta kanpainaren erdia beteta balorazioa egin du taldeak Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako prentsa agerraldietan. Legegintzako herri ekimena sustatzeko 7.500 sinadura inguru lortu dituztela iragarri dute. Era berean, 80 erakundek baino gehiagok bat egin dute proposamenarekin.
Bi hilabete hauetan, herritarrei azaldu nahi izan diete baldintzarik gabeko oinarrizko errentaren proposamena zer den. “Tresna bat da pobreziarekin bukatzeko eta pertsona guztientzako eskubideen hedapenean aurrera egiteko”, adierazi dute. Informazio mahaiak jarri dituzte eta hainbat hitzaldi egin dituzte. “Esperientziak informatu, eztabaidatu eta partekatu ditugu milaka pertsonarekin. 50.000 triptiko baino gehiago banatu ditugu”, azaldu dute.
Jaso dituzten 7.500 sinaduretatik, 2.000 elektronikoak dira eta 5.500 paperean jasotakoak. “Ez genuke konformatu nahi beharrezko 10.000 sinadurak biltzearekin. Ahalik eta sinadura gehien bildu nahi ditugu, legebiltzarreko ordezkariek EAEn Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta bat ezartzeko beharra eztabaidatzea komeni dela bermatzeko”, nabarmendu dute.
Batzordeak berretsi du legegintzako herri ekimenaren bidea hartu izana: “Hasitako bidean pertsonen eta erakundeen arteko harreman sare bat eraikitzea lortu dugu, aberasgarria izaten ari dena eta errenta horren alde lan egiten jarraitzeko jarraipen desiragarri bat espero duguna. Beharra eremu publikoan jarri dugu, inpaktu batekin, orain arte Eusko Legebiltzarrera iritsi ez diren politikei buruz jakin ez dena eta orain arte jakin nahi izan duguna”.