Belodromoan kontzertua iragarri du Izarok, maiatzaren 7rako
Izaro musikari mallabitarrak, “kontzertu berezia” eskainiko du 2022ko maiatzaren 7an, Anoetako Belodromoan. Aspaldi da euskal talde batek ez duela horrelako kontzerturik iragartzen Belodromoan. Izarok jakinarazi duenez, 2021eko biran bere kontzertu bat ikusi gabe gelditu diren horientzako pentsatutako ikuskizuna da, eta datozen hilabeteetan “kontzertuari lotutako hainbat sorpresa iragarriko dituzte”.
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 20 eta 30 euro bitarteko prezioan, hemen.
Mallabian (Bizkaia) jaio arren, Donostian bizi da aspalditik Izaro de Andres musikaria. Pandemian aurkeztu behar izan du bere azken lana, Limones en Invierno, 76 kontzerturekin, eta edukiera aferen ondorioz, sarrerak azkar saldu eta jende asko geratu da kanpoan. Proiektu berriak egin aurretik, bere zaleei azken aukera eskaini nahi izan die musikariak.