Indarkeria matxista salatzeko manifestazio jendetsua egin du Itaiak
Itaia antolakundeak jendetza batu du gaur arratsaldean, indarkeriaren matxistaren kontrako nazioarteko egunean. Emakume langileen borroka goraipatu dute eta “pairatzen duten indarkeria matxista” salatu dute.
Biolentzia matxista, sistema kapitalistaren baitan erabat integratua dagoela uste dute Itaiako kideek: “Bitxia da gizarteko zentzu komuna gero eta feministagoa den garaian, indarkeria matxista kasuek gora egiten dutela eta gainera, garai berrietara egokitzen ari direla”. Itaiakoen ustez, argi geratu da gizarte kapitalistarentzat eraginkorra dela indarkeria matxista erreproduzitzea, eta beraz, “feminismotik proposatzen den aldaketa kultural edo ideologikoa ez dela nahikoa, are zenbaitetan indarkeriaren garapena eta normalizazioa ahalbidetzen duela”.
Teknologien garapenak eta ikus entzuneko kontsumoaren areagotzeak, indarkeria forma berriak sortu dituela adierazi dute: “Aipagarria da sare sozialen bidezko jazarpenen gorakada eta konkretuki emakumeon aurkako jazarpen sexual birtuala modu nabarmenean areagotu dela. Era berean, plataforma digitalen zein, bitarteko komunikatiboen zabalpen masiboa eman da: sare sozialak, reality-ak, telesailak… Esan beharrik ez dago tresna horien guztien bitartez, emakumeon sexualizazio eta objektibizazioa erreproduzitzen direla”.
Biolentzia matxista guztien aurrean, “komunisten eginbeharra, indarkeria matxista erreproduzitzen eta betikotzen duen sistema kapitalista gainditzea” dela adierazi dute. “Bide horretan, ez dugu inolako erasorik onartuko eta horretarako erasoen aurrean Itatik bi konpromiso ditugu: eskura ditugun bitarteko guztiekin, batetik, erasotzaileei aurre egitea eta bestetik erasotuak izan direnak babestea Hori guztia zapalkuntzek eta zehazki emakume langileon aurkako indarkeriak lekurik izango ez duen gizartea antolatzera bidean eraiki behar dugu; hau da sozialismoaren eraikuntzaren bidean.