Kaleak hartu ditu mugimendu feministak azaroaren 25ean
“Azaroaren 25a ez da ospakizun eguna. Feminismoek indarkeria matxisten aurrean ehuntzen dituzten eguneroko erresistentzia guztiak agerian uzten dituen borroka eguna da”. Donostiako asanblada feministak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute ehunka lagunek, euriaren azpian. Normaltasunean igaro da manifestazioa, hainbat aldarrikapen uztartuz.
Azken urteen moduan, mobilizazio bateratua egin dute Donostiako eragile feministek bulebarretik abiatuta. Manifestazioaren aurretik, Intziri neska* gazte taldearen zutabe bat heldu manifestaziora. Donostiako Emakumeen Etxekoak ere hor zeuden, batukada feminista eta beste hainbat eragile. Danbor soinuekin eman diote hasiera mobilizazioari, bulebarretik. Ohikoa den eran, bulebarrean bukatzekoa zen, baina deitzaileek salatu dutenez, udalak baimena eman dio “makro karpa” bati, eta manifestazio amaiera udaletxe parean egin dute.
“Bollera eta trans migratu eta arrazializatuek”, okerren
Antolatzaileek esan dutenez, “borroka feministak lortutako eskubideen eta aurrerapausoen aurka erreakzioa patriarkal bortitz bat” bizitzen ari gara. “Zis-hereto-patriarkatu kapitalistaren onuradunek emakume, bollera eta transen aurkako boterea indartu eta mantendu nahi dute, eta horretarako tresna da indarkeria matxista”.
Beraien ustetan, “gero eta arruntagoa da indarkeria matxista justifikatzea edo asmakizun bat dela esatea”. Eta ikerketa bat aipatu dute, zeinetan bost gaztetatik batek uste duen “genero indarkeria ez dela existitzen eta ‘asmakizun ideologiko’ bat baino ez dela, eta ia %50ak uste du genero indarkeria ez dela arazo larri bat”.
Indarkeria matxista “patriarkatuaren tresna” bat dela uste dute asanbladako kideek, “kontrolerako eta bere burua erreproduzitzeko”. Eta generoaren aldagaia “beste aldagai batzuekin gurutzatzen denean, hala nola klasearekin, jatorriarekin edo desgaitasunarekin, indarkeria matxista horri aurre egiteko baldintzak okerragoak dira”.
Emakume bollera eta trans migratuek eta arrazializatuek bizi baldintza okerragoak dituztela salatu dute. Arreta jarri dute ere, haur eta nerabeek pairatzen duten indarkerian, familiaren esparruan pairatzen duten indarkeria sexuala “oso altua” delako. Sistema judizialak haien erasotzaileak “aitak, aitonak, osabak eta bestelako senitartekoak babesten ditu: haurtzaroan, familian eragindako sexu indarkeria babestuz, ezkutatuz eta legitimatuz”. Indarkeria bikarioa azpimarratu nahi izan dute ere, erasotzaileak bere seme-alabak erabiltzen dituenean amaren aurka, “haurrei eraso eginez eta kasurik latzenetan haurrak erailtzera ere iritsiz. Indarkeria matxista mota hau bizi dutenak babesgabe daude”.
EAJ eta PSOEri kritika
Irakurri duten testuan, EAJ eta PSOEri kritika egin diete, “zuzentasun politikoaren diskurtsoen atzetik, PNV-PSOEko gobernuak jada kaskarrak ziren berdintasunerako politika publikoak okertu ditu, Emakunderen degradazioarekin, esaterako”.
Donostiako Emakumeen Etxearen egoera jarri dute adibide gisa: “Hamaika urte daramatzagu Emakumeen Etxerako espazio egoki bat eskatzen, eta udalak beste erakunde batzuei lurrak eta ekipamenduak ematen dizkien bitartean, mugimendu feministarentzako funtsezkoa den ekipamendua ukatzen digu”.
Manifestazioaren bukaeran bertaratutakoei antolatzeko deia egien diete eta “indarkeria matxistaren aurkako borroka honetara batzera”.