"Konplexuz betetako belaunaldi bat gara. Misio batekin sortu izan bagina bezala, baina etengabe misio horretan porrot egiten"
Entzunda dugu denok “borroka da bide bakarra”. Baina bidea ere borroka dela sinistuz, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek (Añorga, 1987 eta 1988), komikia kaleratu dute, izen horrekin. Lehen aldia dute elkarrekin komikia idazten, antzeko ariketak egin dituzten arren. Bihar elkarrizketa osorik IRUTXULOKO HITZAren astekarian eta webgunean.
Hona hemen aurrerapena:
Nondik etorri zen komikia egiteko gogoa?
Unai Gaztelumendi (U.G.): Bertsolari aldizkariak bi urtean behin ateratzen du komiki bat. Niri deitu zidatenean, hainbat proposamenen inguruan aritu ostean, pentsatu nuen: bertsolaritzaren inguruko zerbait egin beharko banu, zer ederragoa anaiarekin egitea baino. Segituan atera ziren lehen tiroak.
Beñat Gaztelumendi (B.G.): 2020ko urtarrila zen. Gipuzkoako Txapelketa bukatu eta gutxira. Elkarrekin prestatu genuenez, bagenuen gai batzuei buruz hitz egiteko gogoa: belaunaldi berrien iritsiera; feminismoak zer ekarri duen bertsolaritzara, eta horren barruan gizon bertsolariok non gauden eta non egon beharko genukeen; hizkuntzaren inguruan ere, hegemonikoa ez den guneetako bertsolaritzari, zenbaterainoko lekua egiten zaion.
Horrelako gai pila bat geneuzkan, bertsolaritzari lotutakoak, baina azken finean gizarteko gaiak direnak. Gai horietaz hitz egin nahi genuen, eta bertsolaritza aprobetxatu plataforma gisa.
Pertsonaiak oso markatuak daude, eta gakoak dira istorioan. Nor da, adibidez, Ekhiñe?
U.G.: Martinekin txikitatik bertso eskolan aritutako bertsokidea da. Bere kide guztiak mutilak izan dira, eta beti txalotu dizkiete bertsoak. Baina Ekhiñeri perfekziorako joera bat, exijentzia bat jarri zaio. Martinek eta Iparrak [bere bertso lagun mutilak] legitimitate guztia dute irakasleen aldetik, zaleen aldetik. Eta Ekhiñek, berriz, beti bikoitza erakutsi behar du. Gure belaunaldian askotan gertatu den zerbait da hau.
B.G.: Bertso eskoletan neska eta mutilen kantitatea antzekoa da, baina 18 urtetik aurrera, bertsolariak hirutik bi gizonezkoak dira. Fokua uzten duten horiengan jartzen da, baina, hauek uzten ari ziren bitartean besteok zer egiten genuen?
Momentu bereziena mendi bueltarena da. Sarak dioenean berak “zailagoa eduki duela”. Nola konturatu zineten zuek horretaz?
B.G.: Nik momentu oso grafikoa izan nuen, klak egin zidana. Bertso afari batera joan ginen antzeko mailan genbiltzan bertsokide bat eta biok. Antolatzaileekin hitz egiten ari ginenean, konturatu ginen niri bakarrik hitz egiten zidala, eta berari begiratu ere ez. Eta emakume bertsolari hori, nire antzeko maila edukita, nire laguntzaile gisa tratatzen zuela. Jolas bat hasi genuen, antolatzaileak niri galdetzerakoan, nik berari begirada bat botatzen nion, eta berak erantzuten zion, eta momentu batean urduri jartzen hasi zen antolatzailea… Autoan bueltan, esan zidan askotan pasa zitzaiola hau. Baina niri inoiz ez.
U.G.: Ni atzera begira jartzerakoan, gauza askotaz konturatzen naiz. Gaztetxean eta horrelakoetan nenbilen garaietan, askotan ibiltzen nintzen txiste errazaren bila, eta beti ziren txalotuak. Neskak botaz gero, ez zuen publikoaren aldetik harrera bera. Soilik onartzen zitzaion hori genero gaiei lotuta bazen, edo aldarrikapenei lotuta bazen. Egiaztatutako zerbait bazen. Zerbait azkarra, burutsua, bat-batekoa bazen, orduan ez. Hori orain ikusten dut argiago.