Bluegrass erritmora ospatuko dute Marruma Kulturalak egitasmoaren urteurrena
Groseko Marruma elkartean sortutako Marruma Kulturalak podcast egitasmoak lau urte beteko ditu, eta igandean ospatuko dute urteurrena. Hain zuzen, urteurrena ospatzeko, emanaldi akustiko berezi bat prestatu dute Marruma elkartean bertan (kale Berria, 12): Howdy bluegrass talde donostiarrak joko du, 19:00etan.
Howdyk iazko otsailean argitaratu zuen bere lehenengo diskoa, eta Ermuko Folkez Blai jaialdia irabazi zuen iazko irailean. Taldea 2012an sortu zen, eta bost musikarik osatzen dute Howdy gaur egun: Jon Arzelus kontrabaxu jotzaileak, Urbil Artola dobro jotzaileak, Jose Mari Pulido banjo jotzaileak, Julen Maestro trikitilariak eta Gorka Arranz gitarra jotzaile eta abeslariak.