Dantza, apustuak eta aisia Martutenen
XX. mendearen hasieran Donostia Espainiako Estatuko eta Europako burgesiaren oporleku gogokoenetarikoa zen. Hau dela eta, aisialdirako hainbat gune berri egin zituzten garai horretan: Uliako eta Igeldoko parkeak, Kursaal Handia eta Martuteneko Kursaala, esaterako.

Trenbidearen ondoan, Barkaiztegi eta Okendotegi bideen artean, garai bateko jolas-parke baten arrastoak daude. Izan ere, XX. mendearen hasieran jolas parke handi bat eraiki zuten Martutenen: Martuteneko Kursaala. Hamarkada luze batez, aisialdirako balio izan zuen eremu honek.
XX. mendearen hasieran Espainiako Estatuko eta Europako burgesia Donostiara etortzen zen oporraldietan. Hazkunde prozesuan zegoen hiria, eta oso erakargarria zen dirudunentzat. Hau dela eta, aisialdirako azpiegiturak garatzen hasi ziren, jolas parkeak esaterako. Igeldon, Ulian eta Martutenen egin zituzten halakoak, baina gaur egunera arte Igeldokoak bakarrik iraun du. Uliakoa naturari bideratuta zegoen gehiago, baina tranbia zerbitzua moztu ostean, asko jaitsi zen bisitarien kopurua.
Martuteneko jolas parkeara jende gehien erakartzen zuena kasinoa zen. Ordea, 1923. urtean, Primo de Rivera diktadoreak boterea hartu zuen Espainiako Estatuan, eta lurralde guztian jokoa debekatu zuen. Hau dela eta, Martuteneko Kursaalak beherakada handia izan zuen, eta dantzalekua geratu zen soilik. Garai horretatik aurrera, «Eliseoko Zelaiak» gisa ezagutzen zen dantzalekuaren ingurua.
Denetik zuen
Jolas parke benetan oparoa zen Martutenekoa. Martutene pasealekuan bertan zegoen sarrera, egun tren geltokiaren ostean dagoen bidegurutzean. Dantzalekua, gimnasioa, kafetegiak eta jatetxeak, kasinoa, haitzuloak, haurrentzako parkea, water-chute bat eta errusiar mendia, besteak beste.
Egun ez da garaiko eraikinik geratzen ia. Jolas parkea eraitsi ostean, agustindar errekoletoen ordeneko eskola bat eraiki zuten bertan, ostera Lanbide Heziketa zentro bihurtu zena. Jolas parkean zeuden arkuak ikusi daitezke oraindik Barkaiztegi bidean.