Elkartasunak urtebete
Urtebete pasa da Parte Zaharreko bizilagun batzuk etxerik gabeko pertsonentzako afariak prestatzen eta banatzen hasi zirenetik, eta, gaur egun, ehun bat otordu banatzen dituzte egunero Parte Zaharrean eta Egian.
Pasa den urteko azaroaren erdialdean, bi aste lehenago Infernutik kaleratuak izan ziren pertsona batzuk Konstituzio plazako arkupeetan lo egiten ari ziren. Auzoko bizilagun batzuek han ikusten zituzten egunero, eta ezikusiarena egiten jarraitu ezinik, egunero haientzako afari bero bat prestatzea erabaki zuten. Gero eta pertsona gehiago hasi ziren afari bila joaten. “Urtarrilean 25-30 lagunentzako afariak ematen ari ginen. Laguntza deialdi bat egin genuen, eta Egiako taldea sortu zen horri esker”, azaldu du Agus Rodriguez boluntarioak.
“Parte Zaharrean, egunero-egunero, batez beste 35 lagunentzako afariak banatzen ditugu gaur egun, baina egun bakarrean 56 otordu ematera ere iritsi gara”, kontatu du Rodriguezek. “Egian, ordea, batez beste 65 afari banatzen dituzte egunero”, gaineratu du boluntarioak. Hau da, guztira 100 afari inguru banatzen dituzte egunero. “Duela urtebete baino jende dezente gehiago artatzen dugu. Zorionez, boluntario taldea hazi egin da urte honetan [Parte Zaharreko taldean, esaterako, 18 bat sukaldari eta 25 bat laguntzaile dabiltza]. Bestalde, ordea, etsituta gaude, ikusten dugulako erakunde publikoek ez diotela erantzun bat eman egoera honi”, nabarmendu du Rodriguezek.
Boluntarioek hasieratik argi izan dute egiten ari direna ez dela euren betebeharra. “Gustura egiten dugu, baina kontziente gara ez dagokigula guri, eta erakundeek egiten dutena baino askoz gehiago egin dezaketela”, dio Rodriguezek. Horregatik, hain zuzen, hainbat bilera egin dituzte azken urtean udalarekin: “Udalak planteatu zuen hiriko zenbait ostaturekin elkarlanean otordu txartel moduko batzuk ateratzea, beharra duten pertsonek bonu horiek erabilita afari beroak eskuratzeko. Gaur egun, guk badakigu gehienez hamabost pertsona ari direla sistema hori erabiltzen”, salatu du boluntarioak. “Udalak 175.000 euroko partida bat onartu zuen behar honi aurre egiteko, baina, azkenean, Elkarrekin Donostiaren mozio bat tarteko, 250.000 eurora iritsi zen. Zertan gastatu dute diru hori?”, gaineratu du Rodriguezek.
Uztailean abiatutako Otorduak II da ostalaritza establezimenduetako bonuen sistema, eta Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziaren arabera, 43 pertsona ari dira zerbitzua erabiltzen, hiriko hamabi establezimendutan: “Poliki-poliki, baina aurrera doan sistema bat da. Kale egoeran dauden eta programan parte hartu nahi duten pertsonek zenbait baldintza bete behar dituzte: Donostian errotuta egotea eta elikadura bermatzen duen beste inolako laguntzarik ez jasotzea, besteak beste. Denera, azaroaren lehenera arte, 2021. urtean 672.030,69 euro bideratu ditu udalak hiritarren elikadura beharrak bermatzera”.
Aipatu programa, boluntarioen afari solidarioen egitasmoa sortu aurretik prestatzen ari zirela gehitu du San Romanek: “Jabetu ginen kale egoeran zeuden pertsonen artean batzuek elikadura asetzeko arazoak zituztela: ostalaritza zerbitzu asko itxita, mugikortasun arazoak, 2020ko udazkenean erakunde batek kalean bizi diren pertsonei elikagaiak banatzeari utzi izana, eta abar […]. Horregatik, eta pertsonen elikadura bermatzeko neurririk egokiena diru laguntzak ematea dela erabat konbentzituta bagaude ere, elikadura bermatzeko programa diseinatu eta prestatzeari ekin genion. Horretan ari ginen, bizilagunen egitasmoaren berri izan genuenean”. “Erabat konbentzituta gaude beharrei erantzuteko moduak eragina duela pertsona baten integrazio prozesuan eta programa hau askoz integratzaileagoa iruditzen zaigu jendea pilatu eta janaria banatzea baino”, gaineratu du. Bestalde, udala txartel solidarioen sistema bat abiaraztea aztertzen ari da.
Bestalde, Otorduak II programatik kanpo ere udalak elikadura bermatzeko laguntzak ematen dituela nabarmendu du zinegotziak: “Urriaren amaierara arte 596 pertsonari eman diegu elikadura bermatzeko laguntza (406ri diru laguntzen bidez, 66ri eguneroko menuen bidez eta 55i gure ohiko banaketen bidez)”.
Horrela ere, boluntarioek egunero 100 afari inguru banatzen jarraitzen dute, eta Rodriguezen ustez, “udalak badaki orain arte hartutako neurriekin ez diola dagoen beharrari erantzuten”.
Hotza dator
Iaz, negua heltzear zenean hasi ziren afariak banatzen, eta otorduez gain, etxerik gabekoentzako mantak, neguko arropa eta bestelakoak bildu zituzten boluntarioek, SOS Arrazakeriarekin eta Harrera Sarearekin elkarlanean. “Eskaera horiek aurten ere iritsiko zaizkigu, eta ez dakigu zer egingo dugun, ez garelako gauza guztietara iristen. Hain zuzen, udalari zera galdetzen diogu: jakinda zein den errealitatea eta zenbat jende dagoen beharrarekin, zenbat plaza aurreikusten dituzte negu honetan hiriko udal aterpetxeetan?”, adierazi du boluntarioak.
Horri buruz galdetuta, zera adierazi du San Romanek: “Donostia da legeak zehazten dituen baliabide guztiak dituen udalerri bakarra Gipuzkoa osoan. Gaua pasatzeko 66 plazez gain, 21 plaza gehiago baititugu tutoretzapeko pisuetan. Horretaz gain, diru laguntzak ematen ditugu kale egoeran dauden eta prozesu batean dauden pertsonek logela bat alokatu dezaten; horien bitartez 28 pertsona atera ahal izan dira kaletik”.
“Gipuzkoako udalerri guztiek legea beteko balute, gaur egun Donostian dagoen arazo hori ez genuke izango”, gaineratu du zinegotziak, eta gainontzeko udalerriei baliabideak jartzeko eskatu die, “bidegabea” delako Donostiak “Gipuzkoa osoan planteatzen diren beharrei” erantzutea. Rodriguezen ustez, ordea, “Donostiak inguruko herriek baino baliabide ekonomiko askoz gehiago ditu etxegabeentzako baliabideak jartzeko”.
Tratu pertsonala faltan botatzen dute
Afariak banatzen hasi zirenean, harreman pertsonal bat sortu zen boluntarioen eta etxerik gabekoen artean. Gaur egun, ordea, horrenbeste pertsona artatzen dituztenez, hori galdu egin dela dio Rodriguezek: “Ia catering zerbitzu baten moduan funtzionatzen dugu”. Tratu pertsonala faltan botatzen dutela gaineratu du: “Beraien istorioa ezagutzea, eta abar. Esaterako, gaur egun gurekin Pandoran [Groseko Pandora tabernako arduraduna da Rodriguez] lanean dabilen pertsona bat afariak hartzera etortzen hasi zen. Elkar ezagutu genuen, sukaldaria zela esan zigun, eta orain gure sukaldean dago. Gehienek lan egin nahi dute, eta ez, batzuek dioten moduan, diru laguntzetatik bizi. Gainera, zer diru laguntza?”.