Pediatra euskaldunik gabe denbora daramate
Amara Berri Auzo Elkarteak auzoko familien hainbat kexa jaso ditu Amara Berriko anbulatorioak ez duelako pediatra euskaldunik. Hori dela eta, bi kexa aurkeztu dizkiote Osakidetzari.
Urriaren 23ko Amara Berri Egunean arazoa azaleratu zen. Hainbat auzotarrek Amara Berri Auzo Elkartearengana jo zuten auzoko anbulatorioak pediatria euskaldunik ez zuela adierazteko. Horren inguruko kexa asko jaso zituztela ikusita, arazoa konpontzeko irtenbide bila hasi ziren. Amara Berriko anbulatorioan idatzizko kexa bat aurkeztu zuten, eta gauza bera egin zuten Osakidetzaren webguneko arretarako atalean.
«Azken egun hauetan auzo elkartean hainbat kexa jaso ditugu zentro honetan pediatra euskaldunik ez dagoelako. Jakin nahi genuke zein den egoera, eta, hala bada, zuzentzeko asmoa dagoen, auzo honetako haur asko eta asko euskaraz baino ez baitira harremanetan jartzen», dio anbulatorioan aurkeztu zuten idatziak. Oraindik ez dute erantzunik jaso, baina jakin dute anbulatorioko zuzendaria bajan dagoela, eta, dirudienez, bera itzuli arte ez dute erantzunik jasoko.
Ez da kasu bakarra
Auzo elkarteak nabarmendu duenez, hiriko beste hainbat auzotan ere gauza bera gertatzen da. Alegia, pediatra euskaldunik ez dagoela. Jakin ahal izan dutenez, pediatra euskaldun gehienak ospitalera bideratzen ditu Osakidetzak. Hori dela eta, auzoetako anbulatorioetan euskaraz ez dakiten pediatrak egotea ohikoa dela diote.
Gaiari ikusgarritasuna emateko eta irtenbide orokorrago bat lortzeko, Eusko Legebiltzarrera eraman dute. Donostian gertatzen dena beste hiriburuetan eta hainbat herritan gertatzen dela jakin ahal izan du auzo elkarteak. Arazoa konpondu bitarte lanean jarraituko dutela gaineratu dute.