Zuhaiztien kudeaketako Europako adituak Donostian daude
Zuhaiztien kudeaketan adituak Europako zenbait herrialdetatik Donostiara etorri dira, udalaren arabera, “irizpideak partekatzeko eta gaiari buruzko estandarrak garatzeko topaketa batean”. Aieteko jauregian bildu dira, eta zenbait bilera egin dituzte, Herbehereetako, Belgikako, Txekiako, Poloniako, Letoniako, Espainiako Estatuko, Italiako eta Alemaniako zuhaitz adituekin.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak nabarmendu du adituen Donostia aukeratu izana topaketarako: “Egiten ari garen zuhaiztiaren kudeaketa politikagatik aukeratu dute Donostia, eta, horregatik, hainbat parketako aleak bisitatu dituzte, hala nola Aiete eta Kristinaenea parkeetakoak, Kontxako tamarindoak eta haien adarrei eusteko sistema, Pio XII.ean transplantatu ziren sekuoiak edo Frantzi pasealekuko hainbat ezki eusten dieten ainguraketak”.