Omenaldi sentikorra egin diote Juan Mari Jauregiri Egian
Egiako bizilagun eta elkarteen ordezkariek, azken agur berezia eman diote gaur Juan Mari Jauregi militante ezagunari. Bere ibilbide osoaren errepasoa egin dute, auzoan hasitako borroka eta mugimenduak gogora ekarriz: LABen, HBn, Duintasunan, Egia Biziriken eta beste hainbat elkarte eta eragiletan.
Militante eta aktibista “eredugarri eta koherentea” izan zela azpimarratu dute: “Dirurik ez daukagunok gure denbora eskaintzen dugu gauzak aldatzeko. Batzuk besteak baino gehiago”. Bigarren horietakoa zen Jauregi, “inoiz ez zuen bilera batera, mobilizazio batera, huts egiten. Eta beti bigarren mailan”. Ez omen zitzaion lehen lerroko protagonismoa gustatzen.
200 bat lagun bildu dira Plaza Haundin egin den ekitaldian, irailean hil zen Jauregiri omenaldia egiteko. Egiako militantea oso ezaguna zen auzoan, eta horregatik eragile ugarik hartu dute parte. Denek ezin zutenez hitza hartu, Duintasuna elkarteko ordezkari bat aritu da bere figurari buruz hitz egiten, eta berak ere, Jauregiren konpromisoa azpimarratu du.
Kuadrilakoek ere izan dituzte hitz ederrak Jauregirentzat. Langileak bai, baina festazaleak ere bazirela aitortuz: “Ohore bat izan da guretzat zure kuadrillakoa izatea”.
Ekitaldi hasieran Xalbardin eta Camilok egindako bertso paper batzuk banatu dituzte auzokideen artean, eta denen artean abestu dituzte.
Abertzalea, ezkertiarra,
eman diguk poz ugari,
Koadrilan betitik ta betiko,
maitatua haiz Juanmari.
Ekitaldi bukaeran mural bat egiteko asmoa zegoen, baina eguraldiagatik ezin izan dute egin. Hitz eman dute egingo dutela, “Juanmari plazan egon dadin betiko”. Ekitaldia bukatzean brindisa egin dute eta jatekoa banatu dute.