Euskal zinemagintzan urte luzez lanean aritu den Txema Areizaga arlo elektrikoetako arduraduna hil da. Argilun Iluminación enpresaren gerentea izan da donostiarra, eta 1989az geroztik euskal film nabarmenetan parte hartu du. Astelehenean zendu zen Areizaga, jaioterrian, bihotzekoak jota. Zinema munduko profesionalek gogoan hartu dute egunotan.
Donostian jaioa, 1989an abiatu zuen zinemagintzan ibilbidea, Antxon Ereizak zuzendutako Ke arteko egunak pelikulan argiztapen-laguntzaile lanetan, eta gaur arte sortu diren euskal film gehienetan ikusi dugu bere izena bukaerako kredituetan. 1991n sortu zuten Argilun Iluminación enpresaren gerentea izan da, eta guztira 86 film luzeetan parte hartu du.
Zinea.eus-ek jaso duenez, Paul Urkijok filmatzen bukatu berri duen Irati (2021) izan da Areizagaren azken ekarpena. Besteak beste, Vacas (Julio Medem, 1992), Maité (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala, 1994), Lasa eta Zabala (Pablo malo, 2014), Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez-Lázaro, 2014), Negociador (Borja Cobeaga, 2014), Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2017), Errementari (Paul Urkijo, 2017) edota Nora (Lara Izagirre, 2020) filmetan aritu da lanean.