Udalak Rafael Garrido, Daniela Velasco eta Daniel Garridoren omenezko plaka jarri du
Donostiako Udalak Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velascoren omenez hiru plaka jarri ditu, ETAk 1986an erailak. Honekin, hamazazpi dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jarri dituen plakak.
Ekitaldia Bulebarrean zumardian izan da, eta Donostiako alkate Eneko Goiak, udal-taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek hartu dute parte.
Rafael Garrido 59 urteko Gipuzkoako gobernadore militarra, Daniela Velasco bere emaztea, 53 urtekoa, eta Daniel Garrido bere 21 urteko semea 1986ko urriaren 25ean hil ziren, ETAko kideek Legazpi eta Boulevard kaleen arteko bidegurutzean beren ibilgailu ofizialaren sabaian jarritako bonba laparen ondorioz. Maria Jose Teixeira, 27 urtekoa, egun batzuk geroago hil zen, leherketak eragindako zauriengatik, eta beste hamaika pertsona zaurituak izan ziren. Teixeiraren familiak ekimena eskertu duen arren, uko egin dio haren izenean plaka bat jartzeari.
Udalak hirian “arrazoi politikoengatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko” ekimenaren baitan kokatu plaka hau. Orain arte, honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordoñez, Francisco Martin Gonzalez eta Fernando Mugica Herzog – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel García Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Barandiaran Urkola – poliziaren ekintzak eragindako biktima -.
? Hemos colocado tres placas en memoria de Rafael Garrido, Daniela Velasco y Daniel Garrido en el lugar en el que fueron asesinados #Donostia #SanSebastian pic.twitter.com/txAjGbzJPC
— Eneko Goia (@EnekoGoia) November 27, 2021