Dbusek 5G konexioa jarri du 28 lineako gune batzuetan
Dbusek 5G teknologia ezarri du bere flotako hainbat autobusetan, eta oraingoz erabilgarri egongo da 28-Amara-Ospitaleak linean, Easo plaza eta Bulebarra arteko eta Bulebarra eta Urbieta 58 arteko bidaia zatietan.
Teknologia berri honekin, Dbusek “berrikuntzaren alde egiten jarraitzen du”, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, azaldu duenez: “Dbusek urratsak ematen jarraitzen du zerbitzuaren kalitatea hobetzen jarraitzeko hartutako konpromisoan, kasu honetan 28 linean 5G teknologia ezarriz. Dbusen zerbitzu berri honek, edozein herritarrek doan eta edozein gailu mugikorretatik eskura dezakeenak, argi erakusten digu konpainiaren izaera berritzailea, zeina, hain zuzen ere, aitortua izan da berriki Global Innovation Day berrikuntzaren hitzordu handian, eraldaketa digitala eta kontzientziazio soziala lortzeko egin dituen ekintzengatik”.
“5G Euskadi” proiektuaren barruan da Dbus. Hemeretzi enpresak eta erakunde publiko eta pribatuk osatutako baterako ekimena da, hiru parke teknologikoetan benetako 5G sare bat zabaltzeko eta gaitzeko helburuarekin.
Dbuseko autobusetan 5G teknologia ezartzeak autobus barruko wifia hobetuko du, erabiltzaileentzat doan izango dena. Bestetik, bideozaintzako sistema hobetuko dute; Dbuseko autobus barruko segurtasun kamerek “bereizmen handiz hartutako irudiak prozesamendu zentrora denbora errealean transmititzeko” erabiliko da kasu honetan. Azkenik, ibilgailuen mantentze lanak monitorizatzeko erabiliko da 5G teknologia: “Maiztasun handian transmititutako informazio horrek guztiak, gaur egun 5G teknologiarekin baino egin ezin denak, ibilgailuaren mantentze planak optimizatzen lagunduko du, geldialdi denborak minimizatuta”.
Dbusen ustez. litekeena da hurrengo hilabeteetan 5G teknologiaren estaldura handitzen joatea 28 linearen ibilbidean zehar. Erabiltzaileak zerbitzuaren estalduraren berri izan dezan, abisu bat jarriko da autobusetan, eta abisu horretatik estalduraren informazio eguneratua kontsultatu ahal izango da. Gainera, 5G teknologia duten autobusak identifikatuta egongo dira.