Txomiñeneko 'Smart Txomin' proiektua saritu dute
Espainiako Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen Kongresu Nazionala egin zuten joan den astean, eta Donostiako Txomiñenea auzoa saritu zuten, udalaren Smart Txomin proiektuarengatik. Hain zuzen, hiri adimendunaren proiektu onenaren saria eman diote, proiektuak dituen hainbat ezaugarri aintzat hartuta: energia berriztagarriz elikatutako berokuntza eta ur bero sanitarioko sistema zentralizatua (District Heating), eraikin zaharren birgaitze energetikoa, ibilgailu elektrikoak erabiltzen dituen garraio publikoko flota, eta abar.
Euken Sese Donostiako Sustapeneko kudeatzaileak eta Ana Aizpuru Donostiako Sustapeneko Estrategia Adimentsu eta Sektorialeko arduradunak jaso zuten saria, hilaren 26an. Donostiako Sustapenak jasotzen duen halako bigarren saria da, 2017an ere saritu egin baitzuten Espainiako Berrikuntzaren eta Zerbitzu Publikoen Kongresu Nazionalean, SmartKalea proiektuarengatik.