Garabia prest dago Astiñeneko zubi berria jartzen hasteko
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berria jartzeko prozesua ez da erraza izaten ari. Udalak adierazi zuen pasa den astean iritsiko zela zubia jarriko duen garabi handia, baina eguraldi txarrarengatik atzeratu behar izan zuten. Azkenik, atzo iritsi zen garabia eta dagoeneko ibaiaren albo batean egonkortu dute lanekin hasteko.
800 tonaraino igotzeko gaitasuna duen garabia da, eta Loiolako Erriberatik gertu dagoen ibaiaren ertzean kokatu dute. Ondo bidean, bihar hasiko dira Egia kalearen aldeko egitura jartzen. Hasteko, pieza handietako lehena jarri behar da, azken asteetan mihiztatuta egon dena. Eusteko, beharrezkoa da ibaian hormigoizko oinarri bat jartzea. Oinarri horretatik bi estribu ateratzen dira Egia kalearen aldera. Datozen egunetan egin ahalko dituzu lan horiek.
Gabonak pasata, garabi txikiago bat ekarriko dute pieza ibaian eta estribuetan jartzeko prozesu bera errepikatzeko, baina Loiolako Erriberako pasealekuko ibaiaren ertzean. Aurrerago, bi zatiak lotuko dituzten estribuak jarriko dira erdiko zatian.
2022ko ekainerako erabilgarri
Zubi berriaren taula eta erremateak datorren urteko ekainean jarriko dituzte, eta hilabete horren bukaerarako egongo da erabilgarri. Orduan, Astiñeneko zubi zaharra eraitsiko dute. Zubi berriak diseinu kurbatua izango du, eta hiriko lehendabizikoa da forma horrekin. Ibaiaren gainean bi zutabe baino ez ditu izango; horrela, ur goraldien aurrean oztopoak saihestuko dira. Bestalde, zirkulaziorako bi errei, espaloiak bi aldeetan eta bidegorria izango ditu.