Astiñeneko zubi berria jartzen hasi dira
Gaur hasi dira Astiñeneko zubi berria jartzen Urumea ibaiaren gainean. Garabi handi bat ekarri zuten astelehenean lanak aurrera eraman ahal izateko. Lehenik, Egia kalearen aldeko egitura jarriko dute. Aurreneko piezarekin hasi dira, bideoan ikus daitekeen moduan.
Gabonak pasata, garabi txikiago bat ekarriko dute pieza ibaian eta estribuetan jartzeko prozesu bera errepikatzeko, baina Loiolako Erriberako pasealekuko ibaiaren ertzean. Aurrerago, bi zatiak lotuko dituzten estribuak jarriko dira erdiko zatian.
2022ko ekainerako erabilgarri
Zubi berriaren taula eta erremateak datorren urteko ekainean jarriko dituzte, eta hilabete horren bukaerarako egongo da erabilgarri. Orduan, Astiñeneko zubi zaharra eraitsiko dute. Zubi berriak diseinu kurbatua izango du, eta hiriko lehendabizikoa da forma horrekin. Ibaiaren gainean bi zutabe baino ez ditu izango; horrela, ur goraldien aurrean oztopoak saihestuko dira. Bestalde, zirkulaziorako bi errei, espaloiak bi aldeetan eta bidegorria izango ditu.