Emakumeek zientzian duten jarduna agerian jartzeko hitzarmena sinatu du Udalak
Donostiako Udalak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Donostia Sustapenaren bidez, lankidetza hitzarmen bat sinatu du Emakumeak Zientzian ekimenarekin. Hitzarmena lau urtekoa izango da, eta lau helburu nagusi ditu. Batetik, emakumeek zientzian duten jarduna agerian jartzea bilatzen du, jarduera zientifiko eta teknikoei esleitzen zaizkien rol maskulinoekin apurtu nahi du, neskato eta nerabeetan ibilbide zientifikoen aukeraketa sustatu nahi du eta azkenik, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea du helburu, hiriko komunitate zientifikoan.
Ekonomia bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak gogorarazi duenez, “hirian 5.336 pertsona ari dira I+Garen sektorean lanean, hau da, Donostiako biztanleria aktiboaren % 4,63, Gipuzkoako % 2,41aren, Euskadiko % 1,87aren, Espainiako %1,01aren eta Europar Batasuneko % 1,41aren aldean. Gainera, zientziaren eta berrikuntzaren sektoreko 5.336 pertsona horietatik % 47 emakumeak dira. Zifra horiek argi erakusten dute gure hirian garrantzitsua dela emakumeek presentzia izatea orain arte gizonezkoentzat soilik zirela ziruditen eremu horietan”.
Emakumeak Zientzian ekimena ondorengo erakundeek osatzen dute: Sustapena: CIC nanoGUNE; CFM (CSIC-UPV/EHU); DIPC; POLYMAT, CIC biomaGUNE, Biodonostia; TECNUN, Ceit, Elhuyar, Informatikako Fakultatea (UPV/EHU), BCBL, Kimikako Fakultatea (UPV/EHU), Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU), Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa, eta Lortek.
Monica Moreno eta Itziar Otegui, 2022ko proiektuaren koordinatzaileek, azpimarratu dute garrantzitsua dela eragile guztiek norabide berean arraun egitea, lanbide zientifiko teknikoetan genero-arrakala murrizteko. Nabarmendu dutenez, etorkizuneko industriak geroz eta profesional gehiago eskatzen ditu arlo horietan, eta “emakumeek ez dute atzean geratu behar: hezkuntzaren, erakundeen eta enpresaren esparrutik lan egin behar dugu emakumeek etorkizuneko arlo estrategiko horietan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala izan dezaten bermatzeko”.
Hitzarmenak hainbat lankidetza ekintza jasotzen ditu. Besteak beste, DSS WeekINN Berrikuntzaren Astean jarduerak elkarrekin antolatzea, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna jarduera-programa sustatzea, eta Donostia Innovation Campus ekimenean laguntzea izan dira nabarmentzen direnak. Azken atal horretan, Donostiako zenbait ikastetxetan jardunaldiak eta informazio saioak antolatzea aurreikusten dute. Era berean, hiriko zentro teknologikoen sarean lan egiten duten emakume zientzialariek zuzendutako ikerketa-proiektuen berri emango da, eta emakume gazte ikertzaileentzako ekintzailetza zientifikoari buruzko sentsibilizazio- eta prestakuntza ildo bat jarriko da martxan.