Liher taldeak 'Orbainetan lehena' kantuaren bideoklipa estreinatu du
Donostiako Liher rock bandak azaroaren 4an kaleratu zuen Eta hutsa zen helmuga laugarren diskoa. Orain, bigarren singlea eta bideoklipa estreinatu dituzte.
Honela aurkeztu dute: “Sua lur azpian. Horrela sentitu zuen pandemiak eragindako parentesi emozionala Liher taldeak eta, eurak bezala, musikan aritzen diren pertsona gehienek. Nondik kanalizatu amorrua? Nondik hasi tunela zulatzen? Galdera horien guztien atzean, ordea, erantzun bera zegoen beti, eta zezenari adarretatik heldu arte ez zuten konturatu nahi izan: ‘Gertaezin da dena ez bazara hasten’. Liherrek oihu eta gitarra amorratuekin aurkezten digu Eta hutsa zen helmuga disko berriaren bigarren singlea, Orbainetan lehena“.
Laukoteak urtarrilaren 29an aurkeztuko du Donostian lan berria. Intxaurrondo Kultur Etxean ariko dira Lamiak donostiarrekin batera, 21:00etatik aurrera.