Mikel Laboa hil zen gaurko egunez, duela hamahiru urte
2008ko abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa Manzisidor donostiar kantari ezaguna. Ez dok amairu mugimenduko sortzaileen artean egon zen, eta euskal kantugintza berriaren ikur nagusienetakoan izan zen.
Diskografia oparoa utzi zuen, beti ere inguruko musikari eta artistez inguratuta: Bat-hiru, 1974 [Bi izeneko diskoa ez zen argitaratu, Bertolt Brechten letrak zentsuratu zituztelako]; Lau-bost, 1980; Sei, 1985; Lekeitioak, 1988; Hamabi, 1989; Hamalau, 1994; eta Xoriek – 17, 2005, besteak beste. Joxean Artze, Xabier Lete, Jose Mari Zabala eta Iñaki Salvadorrekin kolaboratu ohi zuen bere lanetan.
Sare sozialetan oihartzuna
Gaur sare sozialetan mezu ugari zabaldu da bere figura oroitzeko, jendeak zioen estimuaren seinale.
"Gure hitzak
— Ainara Lasa Perez (@ainariss) December 1, 2021
Esan berriz esan
Ez daitezela ahaztu
Ez daitezela gal,
Elur gainean
Txori hanka arinek
Utzitako arrasto sail
Ederra bezalaxe"#MikelLaboa pic.twitter.com/cDXuHQy38F
Nekez bihurtzen baita zahar arbola.
— Garazi (@GaraziCf) December 1, 2021
Mikel Laboa ? pic.twitter.com/7ULddHq2YQ
Gaur 13 urte hil zen Mikel Laboa, euskal abeslaria eta musikagilea. Hainbat adituren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena.https://t.co/2WFeSc7npW pic.twitter.com/DgooDyPUfg
— Euskarazko Wikipedia (@euwikipedia) December 1, 2021
Hiru auzotan egin zuen bere bizitza
Irutxuloko Hitzako Inaxio Esnaolak, Laboaren heriotzaren hamargarren urteurrenean egin zuen erreportaje mardularen lagin bat jarri dugu jarraian.
Parte Zaharreko San Joan kaleko 15. zenbakian jaio zen, 1934ko ekainaren 15ean. Feliciano Laboa eta Estefania Manzisidor gurasoak Pasai Donibanekoak ziren. Aita EAJko zinegotzia izan zen Donostiako Udalean, eta fiskornioa jotzen zuen. Amak, berriz, Pasai Donibaneko abesbatzan kantatzen zuen. Beraz, musikarekin lotura txikitatik izan zuen Laboak. Bi urte zituenean Espainiako Gerra hasi zen, eta Donostiatik ospa egin zuen familiak. Aita Frantziara joan zen, eta ama zazpi seme-alabekin Lekeitiora joan zen. Maiz aipatzen dira Laboaren sustrai gisara, Pasai Donibane, Lekeitio eta Donostia.
Bizitzaren joan-etorrian Laboak herrialde eta hiri ugari bisitatu zituen. Batik bat ikasketengatik –medikuntza ikasi zuen, eta neuropsikiatrian espezializatu zen–, baina baita musikagintzari esker ere. Parte Zaharrera itzuli zen, baina ez zuen auzoan bizitza askorik egin. Horrela ere, Sabino Ormazabalek gogoan du denbora batez Abuztuaren 31 kaleko Ormazabal taberna zaharrera joaten zela, ostiraletan. “Maiz ikusi nuen han Marisol Bastida emaztearekin, Jose Luis Zumeta margolariarekin eta kultur munduko beste hainbat lagunekin”. Horrez gain, ez du uste auzoan asko ibiltzen zenik.
Antiguako bizitza
Askok uste dute Laboa Antiguakoa dela. “Betidanik esan izan dugu gure auzokoa dela”, adierazi du Arantxa San Sebastian auzotarrak. Eguneroko bizitza Antiguan egiten zuen, eta ohikoa zen Matia kalean berarekin topo egitea. San Sebastianek ere maiz ikusi zuen auzoan, eta lotura berezi bat du berarekin. “Gure izeba Mari Paz erizaina izan zen eta berarekin lan egin zuen. Horregatik, guretzako etxean betidanik Mikel izan da, eta ez Mikel Laboa. Auzoan ere gauza bera gertatzen zela esango nuke”.
Antiguako auzotarrek Laboarekin izandako harremana eta testigantzak jaso ditu San Sebastianek. Horien laburpen bat eskainiko du haren omenezko plazaren inaugurazioan. Anekdota hainbaten artetik, xelebre bat nabarmendu du: “Citroen 2CV auto zahar bat zuen, eta denok genekien Mikelena zela. Matia kalean uzten zuen askotan bigarren lerroan. Orduan zabalagoa zen kalea. Autoa bertan zegoela ikusi eta autobusak ezin bazuen pasa, bagenekien norena zen. Normalean Etxeberria tabernaren ondoan aparkatzen zuen”.
Matia kalean gehien ibiltzen zen denboran ez zeuden taberna asko, eta batez ere, Gaskonia plazaren inguruan zeudenetan denbora ematen zuen. “Gehien egoten zen taberna Etxeberria zen. Matia eta Erregezain kaleen arteko izkinan zegoen, egun Laboral Kutxa dagoen tokian. Arratsaldero karta jokoan aritzen ziren auzoko gizonak. Jokoan baino nahiago zuen begira egon. Sortzen zen giroa oso gustuko zuen”, dio San Sebastianek. Etxeberriarekin batera, Luis eta Antzara tabernak gustuko zituen. “Gaskonia plazaren inguruan ibiltzen zen, batez ere”.
Auzoan pertsona arrunta zen Laboa. “Herritar xumea eta hurbilekoa zen. Batzuontzat bere musika eta kantuak garrantzitsuak izan ziren gure nortasun ideologiko eta kulturala eraikitzeko. Baina auzotar askok ez zuten bere ibilbide artistikoa ezagutzen. Ez zuen protagonismorik hartzen ibiltzen zen lekuetan”, esan du San?Sebastianek. Laboaren izaera naturala berresten duen pasarte bat du sortzailearekin. “Alaba zaharrenak bi urte zituela, eliza aurreko Kutxaren sukurtsalera joan nintzen zerbaitetara. Alaba kanpoan geratu zen, eta halako batean ikusi nuen Mikelek nire alabari oinetakoak lotu zizkiola. Modu naturalean jokatu zuen”.