Pentsioak defendatzeko deia egin dute sindikatuek
Ehunka lagunek hartu du dute parte gaurko mobilizazio egunean. ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek deitu dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Herri mugimenduetako eragile ugarik babesa adierazi diote egunari. “Datozen erreformen aurrean” kalera ateratzeko deia egin dute.
Sindikatuen ustez, “Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira”, eta hori “ezin dute inola ere onartu”. “Hasieratik argi geratu zen funtsen truke galdegingo zizkigutela doikuntza sozialeko neurriak eta austeritatezko aurrekontu politikak. Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak”.
Une berezia da deitzaileen ustez, jokoan daudelako hainbat lan eta bizi baldintza: “Pentsioen erreformarako lege proiektuan erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dira; ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala gainditzen ere”. Erreforma hauek “baldintzatu” nahi dituzte, eta mobilizazioa da horretarako hautatutako bidea.
Langile borroka oroituz
Joseba Saldaña CNTko ordezkariak hartu du hitza, ekaitzak gogorren jotzen zuenean. “Hiru helburu nagusi ditugu kalera ateratzeko: lana, pentsioak eta bizitza duina”. Saldañak, duela 150 urte Donostian sortu zen Langileen Nazioarteko Erakundearen federazioa ekarri du gogora. Sortu eta egun gutxira, Santa Katalina zubiko obretan lan istripua izan zen, hiru langile elbarri utziz.
“Garaian ez zegoen pentsiorik, ez eta laguntzarik, eta horrelako istripu batek kale gorrian uzten zuela jakinik, asanbladak aho batez erabaki zuen hiru familiei laguntza ematea”. Garai horretako langile borroka eredu hartu, eta lortutako garaipen guztiak borrokari esker lortu direla azpimarratu du.
Ekitaldiaren amaieran, arratsaldean izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute, eta aurrera begira jarraitzeko.
38 herri eragileren atxikimendua du egunak
Atxikimendua adierazi zuten herri eragileek ere: “Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala”.
Arabako Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Argilan-ESK, Ari Du Elkartasun Sarea (Plentzia Gorliz Lemoiz), Arrigorriagako pentsionisten asanblada, Asociación Colectivo Bachue Elkartea, Asociación Mujeres en la Diversidad, Asociación Posada de los Abrazos, ATH-ELE, Berri-otxoak, Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada (AMB-BEA), Congreso de los Pueblos, Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendua, Ekologistak Martxan, Emakume Askeak.Mujeres Libres, Eragin, Ernai gazte antolakundea, Euskal Gune Ekosozialista, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Euskal Herriko Neska* Gazteak, FeministAlde, Gu ere bagara Bilbo, IKAMA (Ikasleria Martxan), Iniciativa por el Derecho a Techo y Contra la Exclusión Social de Gasteiz, Irauli, Izartu Mungialdea, Kakitzat (Koordinakunde Antimilitarista), Laumunarrieta Memoria Elkartea, Marimatraka Santurtziko Talde Feminista, Mugarik Gabe ONGD, OKA elkartea, OMAL-Paz con Dignidad, Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionistak elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Sare Antifaxista eta Trabajadoras no domesticadas.