Donostiako Udalak 2030 arteko estrategia finkatzeko plana aurkeztu du
Eneko Goia alkateak esan duenez, “begi bistakoa da, baina, Donostia izango da donostiarrok nahi duguna”. Horretarako aurkeztu dute azken urte eta erdian landutako plan estrategikoa. Goia alkatearekin batera, estrategia bulegoko zuzendari Kepa Kortak eta Gizarte Kontseiluko presidente Daniel Zulaikak hartu dute parte prentsaurrekoan. Azpimarratu dutenez “2030erako Plan Estrategikoa zehazteko, oso garrantzitsua izan da, azken urteotan Gizarte Kontseiluarekin eta hiriko sektore guztietako hainbat erakunde eta eragilerekin lankidetzan egindako partaidetzazko eta partekatutako prozesua”.
“Izaera, oreka, hiria, lidergoa eta abangoardia” hitzekin definitu dute 2030erako Plan Estrategiko berriaren bost zutabeak, eta planak hamabost helburu estrategiko eta 58 ekintza ildo barne hartzen ditu. Dokumentua jendaurrean aurkezteko ekitaldia egingo dute gaur arratsaldean, Tabakaleran.
Nahi dugun hiria. Aukeren hiria leloa aukeratu dute eta Eneko Goia alkateak esan duenez “hau ez da hauteskunde gai bat, ez eta legegintzaldikoa, hiriak behar duen norabidea, baizik”. Proiektuan lanean aritu direnen ekarpenak balioan jarri ditu alkateak, plan hau beteko balitz, “Donostia hiri hobeago bat” izango dela ziurtatuz.
Zahartze demografikoa, digitalizazioa, aukera berriei irekitzea, lehiakortasuna, turismoa, etxebizitza eta beste hamaika gai izango landu dituzte proposamenean.
Hamabost helburu estrategiko eta 58 ekintza ildo
Hiriak datorren hamarkadarako duen ibilbide orria osatzen dute, eta horren bidez “gai erabakigarrienei erantzuteko aurrerapausoak eman nahi dira”. Zehazki, honela planteatzen da Donostia 2030:
Izaera atalaren barruan inklusibitatea eta demografia erronkak izango dituzte ardatz. Demografikoki dauden arazoak zerrendatzerako orduan, hiria gaztetzeko jaiotza tasa politikak edo biztanleria berriaren etorrera errazteko eta kudeatzeko neurriak bultzatzeko proposamenak landu beharko direla esan dute. Geroz eta zaharragoa izango den hirian, “zahartze on” bat eta zaintza lanen areagotzea aurreikusi beharko da.
Oreka atalean, “turismo eredu jasangarri bat” hausnartzeko beharra eta ” balio erantsi handiko turismo segmentu estrategikoak” sendotzeaz aritu dira. Zientzia sektorea indartzea eta Biozientziak-Osasuna sektorea bultzatzen jarraitzeaz gain, “ekonomia berdea garatzea, ekonomia zirkularra eta eraldaketa energetikoa” sustatzea proposatzen dute. Era berean, “merkataritza eraldatzeko eta suspertzeko” plan bat egitea proposatzen dute “berrikuntza teknologiko eta lehiakortasuna” sustatuz.
Hiria deritzon atalean, jasangarritasuna, bizi kalitatea eta “hiri irekia”-ren ideia landu dute. “Berorren nortasun propiotik abiatuta, eta gastronomian, kulturan, ezagutzan eta kirolean oinarrituta, hiri osasuntsu bat sortze aldera, zeinak kirol jarduera sustatuko duen bere alderdi guztietan; auzoen artean zuzkiduren eta beharren oreka izango du; eta nazioartekotze eta posizionamendu estrategia bat izango du”.
Lidergoa-n, “aldaketa klimatikoa” jarriko dute erdigunean: “erresilientea, gizarte, osasun, ekonomia eta ingurumen erronkei, erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko” prestatzeko. Donostiako gastronomiari balioa gehitu nahi dute, “munduko gastronomian liderrak diren hiri eta lurraldeen taldean” posizioa irabaziz. Sormenaren eta kulturaren industrien eremuaren garapenean aurrera egiten duen hiri batean bihurtu nahi dute Donostia.
Azkenik, Abangoardia deitzen den ildoan, eraldaketa teknologiko eta digitala sustatu nahi dute “administrazio publiko adimendua” sortzeko. “Hiria gizakien mailan mantenduko duen” hedapena proposatzen dute, jasangarritasuna oinarri hartuta, eta, era berean, “Donostiako herritar guztiei etxebizitzarako sarbidea erraztuz eta etxebizitzak haien beharretara egokituz”. Amaitzeko, kulturaren abangoardia ikuspegia eta erreferente garaikidea izateko apustua egiten dute, Tabakalera eta Donostia 2016 adibide gisa hartuta.
Jendaurrean aurkezpena
2030erako Plan Estrategikoa herritarrengana eta plana egiten parte hartu duten eragileengana hurbiltzeko asmoz, udalak eta estrategia bulegoak ekitaldi bat antolatu dute. Gurutz Linazasoro, Maialen Chourraut eta Iñigo Llopis, Andres Arizkorreta, Ricardo Diez eta Amaia Zurututza izango dira, besteak beste, zuzenean parte hartuko duten pertsonetako batzuk. E
Hitzordua gaur izango da, abenduaren 2an, Tabakalerako Patio aretoan, 19:00etan eta zuzenean ikusi ahalko da Donostiako Udalaren Youtubeko kanalaren bidez.