Gaur banatu dira 2021eko Zilarrezko Euskadi sariak
Gaur banatu dira Donostian 2021eko Zilarrezko Euskadi sariak. Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak Amaia Telleriaren Haize-lekuak (euskaraz) eta Jon Bilbaoren Basilisco (gaztelaniaz) liburuak saritu ditu aurten. Gaur arratsaldeko 19:00etan liburutegiko San Jeronimo kaleko aretoan irakurleek idazleekin egoteko aukera izango dute.
Eguerdiko ekitaldian idazle sarituez gain, Adolfo López Liburudenden Elkarteko lehendakara, Jon Insausti, Kultura eta Euskara zinegotzi ordezkaria, eta Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia, egon dira.
Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak urtero bi lan saritzen ditu. Aukeraketa Gipuzkoako liburu dendek bidalitako proposamenen arabera egiten da. Horrela, aitorpena egiten zaio liburu saltzaileen hautatzeko eta gomendatzeko lan garrantzitsuari.
Haize-lekuak (Alberdania) Amaia Telleriaren (Idiazabal, 1993) lehen nobela da. 1939an girotua, Mikela nerabearen bizipenak jasotzen ditu. 13 urterekin Idiazabal utzi eta Altsasura neskame joango da. Telleriaren amonaren testigantzetan dago oinarrituta istorioa. Liburu saltzaileek azpimarratu dutenez “Garai krudeletan itzaletan izan ziren emakumeen testigantzei merezi duten espazioa ematen dion nobela da”.
Basilisco (Impedimenta) Jon Bilbao (Ribadesella, 1972) idazlearen lanak Kaliforniara joan den ingeniaria du protagonista. Han, John Dunbarren berri izango du, mende bat baino gehiago hilda daraman tranpa jartzaile eta pistolaria. Hainbat istorio biltzen dira Bilbaoren nobelan. Liburu saltzaileen hitzetan “Bere lana autofikzio kutsuko errealismotik abenturazko eleberri klasikora edo westernera doa, egunerokoa fantasiazkoarekin batzen, tradizio narratzaile onenaren ildotik”.