Gerra zikinean desagertarazi zituztenen istorioak berreskuratu ditu Iñaki Egañak
Iñaki Egaña historialari donostiarrak (1958) liburu berri bat argitaratu du: Objetos perdidos, desapariciones forzadas en el contexto vasco. Txalaparta argitaletxearekin argitaratu du entsegua, eta lehenengo pertsonan egindako kontakizunaren bitartez, Euskal Herriko gatazkan independentismoaren aurkako gerra zikinak desagertarazi zituen euskal herritarren istorioak berreskuratu ditu.
Jesus Galindeztik hasi –Mario Salegi borrokalari abertzale donostiarraren bidez landu zuen bere garaian gaia Egañak– eta Josu Zabala Salegiraino, hogeitik gora desagerpen aztertu ditu Egañak, tartean oso ezagunak egin ziren Joxi Lasa eta Josean Zabalarena, Jon Anzarena eta Mikel Zabalzarena. Hain zuzen, azken horren kasuko pasarte ilun batek ematen dio izenburua liburuari, Zabalzaren ama Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera bere semea non zegoen galdetzera joan zenean, “objektu galduetan” galdetzeko esan baitzioten.
Egañak 30 liburutik gora argitaratu ditu, gehienak entsegu politikoak eta historikoak. Era berean, Euskal Memoria Fundazioko presidentea da, eta hainbat hedabidetan kolaborazioak egiten ditu, tartean IRUTXULOKO HITZAn. Hain zuzen, hemen irakur daitezke orain arte hedabide honetan argitaratutako iritzi zutabe guztiak.