Lanuzte gehiago egin dituzte Cementos Rezolako langileek
Hilabeteak daramate Cementos Rezolako langileek lanpostuak defendatzeko borrokan. Astelehenean negoziaketen bileraren ostean “enpresak lanpostuak suntsitzeko borondatearekin” jarraitzen zuelakoan, lanuzteak egin zituzten berriro ere, goiz eta arratsaldez oraingoan.
Añorgako Cementos Rezola lantegiko zuzendaritzak lanpostuak “suntsitu” eta “prekarietatean sakontzeko estrategia” bat duela salatu du LAB sindikatuak. Langile batzordeak negoziaketa mahaia eratu zuen duela ia bi urte, eta ordutik ez dute akordiorik lortu zuzendaritzarekin.
“Negoziaketa benetan 2021 urtearen hasieran hasi bazen ere, momentu honetan guztiz blokeatuta dago. Blokeo honen arrazoi nagusiak enpresak erakutsitako negoziaketarako borondate eskasa eta langile kopurua murrizteko duen nahia izaten ari dira” langileen ustez. Enpresaren nahia lanpostu kopuruen murrizketarekin jarraitzea dela salatu izan dute, “azpikontratazioa areagotzea eta lanaldien malgutasuna eta langileon funtzioen polibalentzia handitzea”.
Negoziaketaren blokeoa dela eta, lanuzteekin jarraitzea erabaki dute. “Lanuzteen maiztasuna areagotuko dugu eta hauek egiten diren egunetan, lantegiko arazoa gizarteratzeko helburuarekin, beste era bateko ekimenak eginen ditugula iragarri nahi dugu”, nabarmendu dute. Apirilean hasi ziren elkarretaratzeak egiten, eta ekainetik aurrera lanuzteekin jarraitu zuten.
Astelehenako negoziaketa bileraren ondoren, eta enpresak lanpostuak suntsitzeko borondatearekin jarraitzen duenez, atzo lanuzteak egin zituzten Rezolako langileek. Goiz eta arratsaldez gelditu ziren pic.twitter.com/tZOXkhTD2I
— LAB Donostia (@LABdonostia) December 1, 2021