Bihartik aurrera COVID ziurtagiria eskatuko da gaueko aisialdian eta 50 jankidetik gorako jatetxeetan
Bihartik aurrera aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukera eskaintzen duten lekuetan eskatzen hasiko dira eta Eusko Jaurlaritza espazio itxietan, gimnasioetan, ospitaleetan eta ostalaritzan exijitzea aztertzen ari da.
Espainiako Auzitegi Gorenak baimena eman zion azaroaren 30an Eusko Jaurlaritzari COVID ziurtagiria eskatzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur, ordea, LABI aholku batzordea bildu eta egoera epidemiologikoaren inguruan hartu beharreko neurriak zehaztu ditu.
Bihartik aurrera Euskal Autonomia Erkidegoetako biaztanleek ziurtagiria beharko dute aisialdirako jarduerak eta dantzarako aukera eskaintzen duten lekuetan (aretoetan, musika tabernetan eta karaokeetan). Pub eta taberna berezietan ere, 22:00etatik aurrera ziurtagiria eskatzea nahi dute.
Jatetxeei dagokienez, 50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean eutsi nahi diote neurriari (811koa zen atzo EAEn). Establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea, eta paperean edo formatu digitalean aurkezteko aukera egongo da.
Horrez gain, Euso Jaurlaritza beste lekuetan ere ziurtagiria eskatzea aztertzen ari da. Izan ere, Urkulluk adierazi duenez, “erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea da helburua, herritarrak txertatzeko eta arriskutik babesteko”. Espazio itxietan eskatuko dutela azaldu du, bereziki publikoa zutik badago. Gimnasioetan eta kirol jarduerak egiten diren espazio batzuetan ere eskatu nahi dute, baita ospitalera edo zahar egoitzetara doazen bisitei ere.
Horretarako, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiari eskatu behar diote baimena. Lehendakariak azaldu duenez, “larrialdi egoera hau aurrekoengandik desbderina da”, eta datozen egunetan ospakizunik ez egiteko, ez pilatzeko eta maskara erabiltzeko eskatu du.