Donostiako hogei kirol klubek euskararekiko harturiko konpromisoa nabarmendu dute
Donostiako Udalak Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia egin du udaletxean. KEES (kirol entrenamenduetan euskara sustatzeko metodologia) egitasmoa lantzen ari diren hiriko hogei klubei harrera egin eta esker ona adierazi diete. Hain zuzen ere, irailean Euskara Zerbitzuak entrenamenduetan euskararen erabilera sustatzea helburu duen kanpaina abiatu zuen, Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Gu euskaraz entrenatzen gara lelopean.
Kirolak euskararen normalizazioan aurrera egiteko dituen balioak nabarmendu ditu udalak, eta KEES egitasmoarekin bat egin dute klubez gain, Donostiako gainerako kirol elkarteak gonbidatu dituzte goizeko ekitaldira. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, orain arte metodologia ezagutzen ez zuten hainbat kirol klubek parte hartzeko asmoa agertu dute.
2021-2022 ikasturtean egitasmoarekin bat egin duten hogei klubetan 2.003 haur eta gazte ari dira 156 entrenatzailerekin euskaraz entrenatzen. Metodologia honekin, entrenatzaileen jardunean eraginez, haur eta gazteengana iristea da helburua. Gazteenekin kontaktu zuzenean dauden entrenatzaileek, kirolaria trebatzeaz gain, euskara erabiltzen dute une oro. Gainera, egitasmo honen balio garrantzitsua da parte hartzen duen klub bakoitzaren eta entrenatzaileen inplikazio aktiboa dagoela.
“Gaur egun, Donostian 15 urtetik beherakoen %88 euskaldunak dira eta %97k ondo ulertzen du hizkuntza. 2016ko kale erabilera neurketaren arabera, haurren euskararen erabilera %26koa da, eta gazteena, berriz, %13koa. KEES egitasmoan parte hartzen ari diren taldeetan egin diren neurketetan batez besteko hau asko igotzen da: haur eta gazteen euskararen erabilera %84koa da entrenatzaileen galderei erantzuten dietenean, %78koa beren kabuz entrenatzailearengana zuzentzen direnean eta %58,33koa beren arteko jardunean”, azaldu du Aritz Olagoik, egitasmoaren koordinatzaileak. Oier Berra Añorga Kirol Elkarteko entrenatzailea eta Futbol Entrenatzaileen Gipuzkoako Batzordeko lehendakaria eta Leire Julian, Tximeleta gimnastika erritmikoko ordezkaria ere zentzu berean mintzatu dira eta gainerako elkarteak egitasmoan parte hartzera animatu dituzte.
Ekitaldiaren amaieran egitasmoan parte hartzen ari diren hogei klubetako ordezkariek eta Eneko Goia alkateak dokumentu bana sinatu dute datozen urteetan kirol entrenamenduak euskaraz egiten jarraitzeko konpromisoa adieraziz.
KEES egitasmoan parte hartzen ari diren Donostiako hogei kirol elkarteak ondorengoak dira:
- Añorga Kultur eta Kirol Elkartea
- Askatuak Saskibaloi Taldea
- Bera Bera elkartea
- Donostiako Atletiko
- Donostia Gimnastika Erritmikoa
- Easo Saskibaloi Taldea
- Egiako Eskubaloi Taldea
- Fortuna Kirol Elkartea
- Groseko Indarra Surf Eskola Taldea
- Gros Xake Taldea
- Irutxulo Sub Urpekariak
- Judo Club San Sebastian
- Martutene Kirol Elkartea
- Realeko Atletismo saila
- Tximeleta Gimnastika Erritmikoa
- Ur-Kirolak
- Jakintza Atletismo Kluba
- Duna Surf Kluba
- Ibaeta Basket
- Kostkas Futbol Taldea