Erabilera normalizatzeko lanabesak
Egutegian egun bakarra du euskarak, eta 365 egun euskal hiztunen ahotan. Abenduaren 3an, euskararen aldeko aldarrikapenak ozenago entzun ohi dira, letra larriz idaztearekin batera. Donostian modu askotara ospatu izan da Euskararen Eguna, eta aurten bi urteurren ditu gogora ekartzeko. Batetik, 30 urte bete ditu euskararen udal ordenantzak, eta, bestetik, hogei urte bete dira lehendabiziko Euskararen Plan Orokorra onartu zenetik.
Donostiako Udalak 1991ko maiatzaren 9an onartu zuen euskararen udal ordenantzak honela dio: «Euskara giza eta kultur aberastasuna da, denok zaintzen eta berreskuratzen saiatu behar duguna. Hizkuntzak gizartearen onarpena eta gizabanakoen atxikimendua behar ditu, guztion artean lortu behar ditugun gizartearen kohesio eta integraziora heltzeko. Helburu honekin, Donostiako Udalak arau hauek onartu ditu, gure hirian euskararen erabilera normalizatzeko».
Hiru hamarkada beranduago, ezagutzen dugu ordenantza? Horren bidetik onartu zen 2001ean aurreneko Euskararen Plan Orokorra. Bien garrantzia eta ibilbidea aztertzea erabaki du Irutxuloko Hitzak, lau bidelagunekin: Edurne Otamendi Euskara Zerbitzuko zuzendaria, Ainara Vazquez Bagera Euskaltzaleen Elkarteko kidea, Ramon Etxezarreta Donostiako Euskara zinegotzi izandakoa, eta Zigor Etxeburua EH Bilduko zinegotzia eta Gipuzkoako Aldundiko Euskara zuzendari ohia. Iraganetik hasi eta etorkizunera begira jarriko gara Donostian, Euskararen Hirian.
Udal ordenantza «lege garrantzitsua» izan zela uste du Otamendik: «Garai hartan, funtsean, 1982ko Euskararen Oinarrizko Legea zen marko juridiko nagusia, eta ordenantza hark tokiko administraziora lotutako arau zehatzago eta hurbilago bat ekarri zuen. Udalaren eta udalerriaren berreuskalduntze prozesua zedarritzeko beharrezkoa eta oso lagungarria izan zen». Euskararen Plan Orokorrari dagokionez, «lana modu planifikatuan egiteko» tresna izan zela adierazi du: «Plan orokorra hamar urte beranduago iritsi zen, bide bat egina zegoenean, eta, nolabait esateko, ikuspegi orokorra eta, aldi berean, zeharkakoa eta antolatua ekarri zigun».
Vazquezen ustez, hizkuntz politikan eragin ahal izateko tresnak mahai gainean jarri zituzten ordenantzak eta plan orokorrak: «Tresna horiei esker, euskarak dagokion tokia berreskuratzen hasteko markoa zuen, bai udaletxe barruan, langileen hizkuntza profilak ezarriz, eta baita udaletxetik kanpo ere». Euskararen «berreskurapen prozesua» antolatzeko bidea jarri zutela dio Etxeburuak. Batez ere, «euskaldunon hizkuntza eskubideak» bermatzeko oinarriak jarri zituztelako, eta euskararen garapenaren aldeko «ekintzailetza modu estrategikoan» bideratu zutelako. «Erakundeak eta euskalgintza elkarrekin jarduteko bidea hasi zuten, eta hori ona izan zen euskararen aldekotasuna jendarte euskaldunetik harago zabaltzeko», nabarmendu du Etxeburuak.
«Legedia nagusiak gidatu ditu beti normalizazioaren bide markak. Ordenantza horrek, balio praktikoa baino gehiago, balio sinbolikoa izan zuen, horri garrantzirik kendu nahi gabe. Esan dudanaren lekuko, 30 urtean ez zaiola koma bat ere aldatu, ez hoberako, ez txarrerako», esan du Etxezarretak. Horrekin batera, uste du askok ez dutela jakingo araudi bat dagoela, «nahiz eta garbi adierazten duen Donostiaren elebitasuna, baita bi hizkuntzen ofizialtasuna eta erabiltzeko obligazioa ere».
Udal ordenantza garatu zen garaian, Etxeburua Euskal Herrian Euskaraz-eko militantea zen, eta gogoan du garai hartako Euskararen Udal Patronatuak «euskararen berreskurapenaren aldeko ekimena» erakusten zuela. «Bai helduak euskalduntzeko kanpainak eta haurrek euskarazko aisiaz gozatzeko egitasmoak bultzatuta». Aldiz, Otamendik ez zuen udal ordenantzaren garapen eta onarpen prozesua ezagutu: «Gaur egun Euskara Zerbitzuaren lantaldea osatzen dugun pertsonak beranduago hasi ginen hemen lanean». Araudia 1991n onartu zen, Bagera sortu zen urte berean. «Euskaltzaleak bildu eta antolatzeko behar eta gogo handia zegoen orduan. Garai horretan, elkartearen lehentasunak horiek ziren, euskaltzaleon komunitatea osatu, antolatu eta lanean hastea», azaldu du Vazquezek.
Lehen plan orokorra
Hiruek hurbiletik jarraitu zuten Euskararen lehen Plan Orokorraren prozesua. «Hirian onartzen zen euskararen lehen plan orokorra izanik, gogoeta estrategikoa eta diagnostikoa egiteak denbora luzea eskatu zuen», gogoratu du Otamendik. 1998ko ekainean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskararen Erabilera Biziberritzeko Plana, eta ordurako Donostiako Udalak, Euskararen Udal Patronatuaren bidez, erabakia zuen udalerri mailako plan nagusi bat behar zela, euskararen normalizaziorantz lan egiteko gidari izango zena.
Gogoeta estrategikoa egiteko zortzi esparru nagusi bereizi zirela adierazi du Otamendik: familia harremanak; hezkuntza, ikerketa eta gazteria; herri administrazioa; hedabideak eta kulturgintza; lan mundua; teknologia eta telematika; gizarte erakundeak; eta euskara batuaren zabalpena eta azterketa soziolinguistikoa. «Esparru horietako bakoitzean arlo zehatzagoak ere landu ziren, guztira hogei. Partaidetza prozesu bat bideratu zen, eta zortzi lantaldetan 101 lagunek hartu zuten parte. Lanketa horretatik osatu zen dokumentua herritarren aurrean erakusgai ere jarri zen, eta aditu zein herritar soilen ekarpenak jaso zituen», azaldu du Otamendik.
Azkenik, 2001eko apirilaren 23an onartu zuen Euskararen Udal Patronatuko Gobernu Kontseiluak Euskararen Ekimen Estrategikoak. Donostiako Plan Orokorra izeneko dokumentua, eta urte berean onartu zuen Donostiako Udalbatzak.
Lehen plan orokorra onartu zenerako, Bagerak hamar urteko ibilbidea zuen. «Plan orokorraren prozesua hasi zenean, bertan euskalgintzako eragileen parte hartzea eta ekarpenak jasotzea beharrezkoa ikusi zen, eta euskalgintzako eragileak elkartzeko beharra sortu zen. Horrek aukera eman zigun elkarren artean gehiago ezagutzeko eta elkarlanak bideratzeko. Horrela sortu zen Euskarak Batzen, Donostiako euskalgintzako eragileak biltzen dituen elkartea», nabarmendu du Vazquezek.
Etxeburuak hurbiletik bizi izan zuen aurreneko plan orokorraren prozesua. Garai hartako testuingurua gogora ekarri nahi izan du: «1997an, Euskal Herriko euskalgintzak gogoeta handi bat antolatu zuen, eta, haren emaitza gisa, euskararen berreskurapenerako plangintza orokorra egiteko beharra aldarrikatu zuen. Urte berean Kontseilua sortu zuten, eta, segidan, 1998an, Bai Euskarari kanpaina egin zuten. 1999an, Euskararen Plan Estrategikoa egin zen». Ordurako, AEK-ko irakaslea zen Etxeburua, eta plana «astindu handia» izan zela uste du. «Ordura arteko euskararen aldeko dinamika intuitiboak eta boluntaristak modu arrazionalagoan eta sistematizatuagoan egitera bultzatu zuen».
Garai hartako Donostiako Udaleko Euskara Patronatuaren zuzendari Inazio Agirrek egindako lana goraipatu du Etxeburuak. Kataluniako hizkuntza normalizazio prozesuaren jarraipena egiten ari zen Agirre. Zehazki, Indexpla eredua ekarri zuen handik Gipuzkoara. «Erakundeen hizkuntza normalizazio maila ebaluatzeko Kataluniako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailak sortutako programa informatikoa zen», dio Etxeburuak.
Ordurako, Eusko Jaurlaritza Euskara Biziberritzeko Plana izango zena zehazten ari zela gaineratu du EH Bilduko zinegotziak. «Beraz, arlo instituzionala eta soziala ikuspegi berdinarekin ari ziren, euskararen berreskurapenaren prozesua zehaztu, antolatu eta artikulatu beharra zegoen. Hain zuzen ere, udalak partaidetza prozesua antolatu zuen 2000. urtean, eta Donostiako euskalgintza batera aritu zen plan estrategikoaren diagnostikoari eta ekintza proposamenei ekarpena egiteko. Gerora, Euskarak Batzen elkartea izango zena. Batera, Kontseiluak bultzatutako Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoa antolatzen hasi ginen Altzan».
Etxezarreta Donostiako Udaleko Euskara zinegotzia zen lehen plan orokorra onartu zenean. Garai hartaz ez du oroitzapen onik: «Euskal nazionalista ez den inork euskara gaietan bizi dezakeen bakardade asasinoa datorkit gogora. Tamalgarria izan zen dena. Euskalgintza izena monopolizatu nahi duen sektore hori guztiz konplize izan zen nire bizitza eta familiarena mehatxu huts izan zedin. Ez dut gogoratu nahi. Esanak esan alferrik izaten nuen, eginak egin, alferrik. Bazirudien kontsigna hau zela: nire esan oro euskararekiko etsaikeriatik ateratzen zen gezur bat zela adieraztea. Jakin nahi nuke zenbat udal abertzalek, teorikoki euskaltzalek, onartu zuten horrelako tresna bat». Horrez gain, plan orokorra onuragarria izan zela uste du. «Euskararen inguruko egitasmo guztiak, gehiengoaren proposamenen oinarri partekatu eta adostua, aurrez formulatuta izatea eta haiek gauzatzeko baliabide ekonomikoak hornituta edo ebaluatuta izatea ekarri zuen».
Bosgarren plana, indarrean
Donostiako Euskararen lehen Plan Orokorra 2001ko apirilaren 23an onartu zen, eta aurreneko ezarpen aldia 2001 eta 2005 urteen artekoa izan zen. Ordutik aurrera, beste lau plan orokor onartu dituzte eta bost urteko aldia du bakoitzak –2006-2010, 2011-2015, 2015-2019 eta 2020-2024–. Egun indarrean dagoena 2020an onartu zuten. «Bost urtean behin eguneratzeko aurreikuspenez jokatu badugu ere, beti aldarrikatu dugu plan hauek malguak eta etengabe egokitzen joan daitezkeenak direla. Gaur egungo gizartea abiada handian ari da aldatzen, eta aldaketa horien araberako egokitzapenak egiten joatea izan da gure erronketako bat», esan du Otamendik. «Tresna egokia izango da, beti, plangintza ona den neurrian, bai. Eta berritzea derrigorrezkoa iruditzen zait, erakundearen jarduera gidatzeko», dio Etxezarretak.
Horrez gain, Otamendik nabarmendu du plan orokorraren eguneraketa ez dela soilik udalaren lana: «Gizarte eragile, erakunde publiko eta norbanako guztiek dugu hemen gure egitekoa, eta hori guztia egituratzea eta aurrera eramatea oso zeregin konplexua da».
Donostian hainbat errealitate soziolinguistiko daudela dio Vazquezek: «Behar bada orain arte bideratutako ekintzek ez dute hori aintzat hartu. Gehiago izan dira edozein auzotan edo hiri mailan egiteko ekintzak». Etxeburuaren ustez, «desoreka» dago udalak euskararen erabileraren normalizazioa lortzeko eta hiriaren euskalduntzea sustatzeko egiten duen inbertsioaren artean.
Eta araudia betetzen da?
30 hamar urte beranduago, Euskararen udal ordenantzak indarrean jarraitzen du. Araudia betetzen den ala ez galdetuta, Otamendik adierazi du «neurri handi batean» betetzen den arren, oraindik ere «hutsuneak atzematen» direla. «Udal ordenantzak jasotzen dituen arauak oso modu zehatzean joan gara garatzen, bost urtean behin onartzen diren udal administrazioaren plangintza aldietan». Arauaren betetze mailaren jarraipena da Otamendiren iritziz gaur egun duten «zailtasun handienetako» bat. «Horretan ditugu jarrita ahaleginak. Hori da erronka nagusietako bat». Etxezarretari, berriz, ez zaio «gehiegi» axola. «Esango nuke ordenantza horretara jo gabe herritarrok badauzkagula aski tresna geure eskubideak babesteko».
Bagera elkartearen ustez, araudia ez da betetzen. «Donostiako Udalaren euskararen ordenantzan jasotako arauak nahiko eredugarriak direla esango genuke, baina, arazoa da askotan ez direla betetzen. Ez dago mekanismorik horien jarraipena egiteko, eta betetzen ez direnean ere, ez dago inolako neurririk zehaztutakoa betearazteko. Beraz, irizpide eta borondate kontuan geratzen dira askotan», azaldu du Vazquezek. Iritzi berekoa da Etxeburua, eta araudiaren hainbat artikulu berreskuratu ditu araudia betetzen ez dela esateko: «Ordenantza ez da guztiz garatu, ezta eguneratu ere. Gainera, esango nuke inor gutxik dakiela badenik ere. Ordenantzan jasota dauden hainbat baieztapen urruti daude udal erakundeek duten hizkuntza praktikatik. Hiru adibide: 5. artikulua, udalarekiko harremanak euskara hutsez ziurtatzea; eta 25. artikulua, lurzoru publikoan jartzen den edozein instalaziotako idazki, iragarki eta kartelak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzea».