"Lau talderekin hasi ginen eta zortzi urtetan 156 taldetan eragitera iritsi gara"
Kirol entrenamenduetan euskara sustatzea du helburu KEES metodologiak. Euskararen Egunean egitasmoa nabarmendu du Donostiako Udalak. 2014an hasi ziren KEES metodologiarekin hiriko kirol klubetan eragiten, eta egun hogei dira egitasmoarekin bat egiten dutenak. Aritz Olagoi da metodologiaren koordinatzailea.
Labur azalduta, zer da KEES metodologia?
Helburua da kirola tresna gisa hartzea euskararen erabilera sustatzeko. Entrenatzailearen rola oso garrantzitsua da. Erreferentzia bat da jokabide eta kirol ezagutza aldetik, eta iruditzen zaigu KEES metodologiaren baitan hizkuntza aldetik eredu izan daitekeela.
Donostia plaza zaila da kirol elkarteetan metodologia aurrera eramateko?
Errealitatea da plazarik zailena. Haurrek eta nerabeek egunerokoan estimulu asko jasotzen dituzte, eta gehienak ez dira euskaldunak. D ereduan ikasten dute gehienek, baina eremu ez formalera joaten bagara, inguru erdalduna dute Interneten, sare sozialetan eta ikus-entzunezko plataformetan. Donostia bera baino ingurua da zaila, eta horrek eragina dauka ohituretan.
Guk KEES metodologiaren bidez bi neurketa egiten ditugu ikasturtean zehar, jakiteko talde bakoitzaren erabilera zenbatekoa den. 2014an hasi ginenetik, joera bat errepikatzen da: haurra entrenatzailearengatik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta ohitura handiagoa du gaztelaniaz egiteko. Entrenatzaileak haurrei euskaraz zerbait galdetzean gehienetan euskaraz erantzuten dute haurrek, eta entrenatzaileari zuzentzean ere euskaraz egin ohitu dute, batez ere. Horrek esan nahi du entrenatzailearen erreferentzia horrek markatzen duela haurren hizkuntzaren erabilera. Aldiz, haurren artean gaztelaniaz hitz egiteko ohitura dute.
Entrenatzailea euskalduna izatea ezinbestekoa da aipaturiko helburua betetzeko, ezta?
Bai, KEES metodologiak euskalduna ez den entrenatzaile batekin indarra galduko luke. Egia da ere kirol klubetako errealitatea askotarikoa dela, eta probak egiten ari gara euskaldun berriak direnekin eta euskaraz ondo moldatzen ez direnekin. Kasu askotan, haurrak errazago moldatzen dira gaztelaniaz entrenamenduetan, eta euskaraz horren ondo moldatzen ez diren entrenatzaile horiek eredu gisara jokatu dezaketela iruditzen zaigu.
2014tik hona hiriko zenbat kirol klubek bat egin dute KEES metodologiarekin?
Gaur egun hogei klub daude KEES egitasmoaren barruan. Zenbakiari baino kirol motei ematen diot garrantzia handiagoa. Izan ere, askotariko kirol klubak direlako orain arte bat egin dutenak. Klub handiak, txikiak eta elkarteen sail batekoak dira: futbola, saskibaloia, eskubaloia, surfa, igeriketa, eskalada eta eskrima. Ez gara kirol jakin batzuetara mugatu, askotarikoak dira. Hogei kirol elkarterekin gabiltza lanean, eta 156 talde zein entrenatzailerekin. Lau talderekin hasi ginen eta zortzi urtetan 156 taldetan eragitera iritsi gara. Asmoa da geroz eta kirol elkarte gehiago sartzea egitasmoan, eta zabaltzen joatea eremu hori.
Donostian zenbat kirol elkarte daude gaur egun?
Kirol elkarteen erregistroan, oker ez banago, ia 200 daudela uste dut. Horrela bada, elkarteen %10 KEES metodologiaren baitan dabiltza. Nahiko zenbaki polita dela uste dut.
Kirol klub gehiago prest agertu dira metodologiarekin bat egiteko?
Bai, noski. Prozesuak fintzea ekarriko du horrek, xehetasunei garrantzia gehiago ematea. Bolumen handia hartu nahi duzunean, bidean gal daiteke jarraipen egokia eta zehatza egiteko aukera. Gure asmoa da gure gaitasunen barruan handitzen joatea, baina neurrian eta gauzak ondo eginez.