Mugikortasun eredu berriak bere bidea hasi du
Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak azaroaren 19an aurkeztu zuten 'Datorren Donostia' plana, "hiriaren berrantolaketa integralerako planteamendu" gisa. Ordea, nola geldituko da hiriko mugikortasuna plana aplikatzean?
Europako beste hainbat hiritan egiten ari diren moduan, Donostian emisio baxuko zonak sortzeko lehenengo pausoak ematen ari dira. Hain zuzen, Europako irizpideak jarraituz, Espainiako Diputatuen Kongresuak maiatzean onartu zuen Aldaketa Klimatikoaren eta Trantsizio Energetikoaren legea. Horren bidez, 50.000 biztanletik gorako hiriek emisio baxuko zonak sortu beharko dituzte 2023rako.
Datorren Donostia planak hiriko erdiguneko emisioak eta auto pilaketak saihestea du helburu, baina Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziaren arabera, aipatu legetik harago doa: “Plana duela bi urte hasi ginen lantzen, hiriaren mugikortasunak planteamendu berri bat behar zuela uste genuelako. Ez da soilik emisioen kontua, helburua hiri eredu zehatz bat lortzea baita”. Hain zuzen, Aranaren hitzetan, “oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoa erabiltzen duten herritarren mugikortasuna hobetzea” du hizpide hiri eredu zehatz horrek. Horrez gain, emisio baxuen eremua 2023rako sortu behar bada ere, zinegotziak zehaztu du ez dela bere osotasunean aplikatuko ordurako: «Datozen 20-30 urteetara ari gara begira, prozesu luze eta etengabe bat izango da”.
Abiapuntu gisa, Parte Zaharrerako eta Erdialderako proposamen zehatzak diseinatu ditu udalak, besteak beste, Erdialdean Bertakoen Lehentasuneko Eremua sortzea, Askatasunaren hiribideak bidegorria izatea ahalbidetzea eta Bulebarreko zirkulazioa arintzea. Era berean, Aranak azaldu du “oinezkoentzako gune berriak” sortuko dituztela planari esker: “Antiguako tunelaren inguruan berdegune berri bat, Zurriola pasealekuaren amaieran beste berdegune bat, Arabako parkea eta Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategia hobetzea eta handitzea, adibidez. Eta, planteamendu honekin, bidegorri ibilbide berriak ere ateratzen dira”.
Hala ere, plana eztabaidara irekita dagoela gogorarazi du zinegotziak: “Hiriko mugikortasunean zeresana duten eragile guztiekin hitz egingo dugu, baita planari bere ikuspegia eman nahi dioten guztiekin ere. Dagoeneko hasi gara alderdi politikoekin, eta datozen sei hilabeteetan gainerako eragileekin hitz egingo dugu, hiriaren neurrira egindako plan bat egiteko”.
Bestalde, Aranak azaldu Parte Zaharretik eta Erdialdetik hasi direla “nonbaitetik hasi behar zelako” eta “zentzuzkoena” zelako: “Parte Zaharrean planteamendu honen oinarria aspaldian dago abian, eta Erdialdean duela urte batzuk prozesu hau ‘erraztuko’ duten aldaketak hasi dira egiten”. Hala ere, Datorren Donostia “hiri osora” iritsiko dela nabarmendu du: “Auzo edo eremu guztiek izango dute horrelako proposamen bat, auzo bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta”.
Plana hiriaren Erdialdetik eta Parte Zaharretik abiatzeak, ordea, gainontzeko auzoetako trafikoa areagotzea eragin dezake, baina, Aranaren ustez, ez da halakorik gertatuko: “Ohitura aldaketa bat bilatzen dugu, garraio publikoaren erabilera bultzatuz (topoak zerbitzua zabalduko du eta autobusen zerbitzuaren kalitatea hobetuko da), bizikletaren erabilera erraztuz eta oinezkoentzako ibilbide erosoagoak sortuz. Gainera, auzoek ere Bertakoen Lehentasuneko Eremu propioak izango dituzte”.
Aparkalekuak hizpide
Erdialdeko aparkalekuak dira planaren ardatzetako bat, gaur egun auto pilaketa handiak sortzen baitira Erdialdeko kaleetan, bai lur azpiko aparkalekuen sarreretan zain egoten direnengatik eta bai kalean aparkatzeko leku bila dabiltzanengatik. Ordea, Bertakoen Lehentasuneko Eremua sortuta ere, Erdialdean “behar duen edonor” sartuko da, Aranaren hitzetan. Aldiz, oraindik ez dituzte zehaztu nork behar duen eta nork ez duen behar erabakitzeko irizpideak: “Eragileekin egingo den lanarekin zehaztuko dira”.
Hala ere, auto pilaketak saihesteko hartuko dituzten neurri batzuk azaldu ditu: “Aparkalekuetara aparkatzeko lekua daukaten autoak soilik sartu ahal izango dira. Teknologia berrien bidez edukierak neurtuko dira, erreserba sistemak jarriko dira abian, eta lekua ez daukan autoak ezingo du ilara batean itxaron zirkulazioa eragozten, ezta aparkatzeko leku bila hiritik bueltak eta bueltak eman ere”.
Aparkatzeko arazoari aurre egiteko neurri bat Illunbeko behin-behineko aparkalekua eta doako autobus zerbitzua behin betikotzea izan daiteke. Ordea, Aranak dio “oraingoz” ez dagoela “aurrekonturik” horretarako, nahiz eta “Aste Santuan eta udan berriro jartzeko asmoa” duten. Era berean, aurrerago halako aparkaleku gehiago sortzeko atea ireki du zinegotziak: “Etorkizuneko aparkalekuak aztertuko dira, plana garatzen den ahala”.