Bidebietako argazki zaharrek osatuko dute Altzako Historia Mintegiaren 2022ko egutegia

Ostiralean, abenduaren 10ean, Altzako Historia Mintegiak 2022ko egutegia aurkeztuko du Bidebietako Kontadores Gazte Zentroan, 19:00etan. Hain zuzen ere, Bidebietako 1960ko eta 1970eko hamarkadetako argazkiak izango ditu egutegiak.
“Azken urte honetan arreta berezia eskaini diogu Bidebieta auzoari, eta pixkanaka bere fruituak ikus daitezke. Horietako bat udan Garberan ikusi ahal izan zen Bidebieta erakusketa da, eta beste bat datorren hilaren 10ean Kontadoresen aurkeztuko dugun 2022ko egutegiarekin izango da”, azaldu du Altzako Historia Mintegiak.
Aurkezpenak berriz elkartzeko eta esperientzia pertsonalez hitz egiten jarraitzeko “aukera berri bat” izango dela diote. Bidebieta. Vivencias del barrio. Irudi partekatuak izenburua jarri diote topaketari, eta Jon Tamayo, Eduardo Iribarren, Jose Mari Lujanbio, Ivan Thamesis, Iñaki Otegi, Pilar Belloso eta Pilar Laskarai auzotarrek parte hartuko dute.
Egutegia nahi duten eta bertaratu ezin diren pertsonek argitalpenarekin lagundu dutenen bidez eskura dezakete –Erdikoa, Nido eta Zumardi tabernak, Lizarra Kanpina, Aranzabal harategia, Blue Events ekitaldi antolatzailea, Garbera MZ eta Herri Ametsa Ikastola–. Era berean, Altzako Historia Mintegiarekin harremanetan jarrita eskuratu daiteke, 649-49 66 07 telefonora deituta eta ahm@altza.net posta elektronikora idatzita.