Luis Irizar sukaldaria hil da
Luis Irizar sukaldari eta “euskal sukaldari handien aholkularia”, ostegun honetan hil da, 91 urte zituela. Sukaldari izateaz gain, irakasle handia izan zen, ehunka ikasle hezi zituen, tartean, Karlos Argiñano edo Pedro Subijana.
1967an, Zarauzko Euromar Hotelaren esparruan, Euskal Herriko lehen Ostalaritza Eskola sortu zuen, eta bertatik sukaldari profesional ospetsuak atera ziren: Pedro Subijana, Carlos Argiñano, Ramon Roteta, Jose Ramon Elizondo eta abar. Handik denbora gutxira, euskal profesional eta frantziar lankideek bultzatutako talde batekin batera, euskal sukaldaritzaren berpiztea bultzatzen zuen bloke bat osatu zuen, “modernizatzeko eta Europako sukaldaritza modernoaren mailarekin parekatzeko”.
Hainbat urtez Euskal Herrian eta gero Madrilen lan egin ondoren, Alcala Hoteleko Zuzendari Gerente eta Irizar Jatetxeko zuzendari jabe gisa, Donostiara itzuli zen Luis Irizar Sukaldaritza Eskola sortzeko 1992an. Luis Irizar beti nabarmendu izan da Sukaldaritzako irakaskuntza profesionalean aritu delako eragile lanetan.
“Maisuen maisu”
Hain zuzen, aurtengo martxoan kaleratu zuen Juan Agirrek Luis Irizar. Maestro de maestros liburua. 1940ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arteko Luis Irizarren (Habana, Kuba, 1930) ibilia jasotzen du liburuak. Nola hasi zen Donostiako Maria Cristina hoteleko sukaldean gerraostean. Nola egin zuen Igeldo jatetxetik Madrilgo Jockey mitikora jauzi. Nola joan zen Parisko hoteletatik bueltan Londresko Hiltonera eta aritu zen han ehunka lagunen sukaldeburu. Eta nola ekarri zuen handik irakasteko grina eta sortu zuen Zarauzko Euromar hotelean eskola. Nola aritu zen Madrilgo Alcala hotelean eta Euskal Etxeko Eusko Basque eta Irizar jatetxeetan. Eta nola izan zen 60ko hamarkadan Gipuzkoan lehen Michelin izarra lortu zuena, Oiartzungo Gurutze Berrin.
Dolumin keinuak ugaritzen ari dira sare sozialetan, tartean, Donostiako alkate Eneko Goiak egin duena.
https://twitter.com/EnekoGoia/status/1468925547329818624