"San Tomas gure egutegian oso data seinalatua da, eta festa bertan behera uzteko erabakia hartzea gogorra da"
Donostiako Udalak, Donostia Kulturak eta Donostiako Festakek abenduaren 21eko San Tomas feria ez antolatzeko erabakia hartu dute, hiriko eta lurraldeko osasun egoeraren bilakaera txarra dela eta, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei kasu eginez.
Eneko Goia Donostiako alkateak “bihotzez” sentitu du erabaki hori hartu behar izana, baina “zentzuak eta zuhurtziak gomendatzen dute donostiarrok eta bisitatzen gaituztenek hainbeste maite dugun ospakizun hau atzeratzea”. Ondorengoa gaineratu du Goiak: “San Tomas gure egutegian oso data seinalatua da, eta festa bertan behera uzteko erabakia hartzea gogorra da. Baina egoera honetan beharrezkoa eta egokia da”.
Udaleko iturriek adierazi dutenez, erabaki honek ez ditu datozen jai hitzorduak baldintzatzen. Hauei buruzko erabakiak egunak gerturazten direnean hartzen joango dira, osasun egoeraren eta ekitaldi bakoitzaren berezitasunen arabera.