Udalak aho batez kendu dio urrezko domina Silva ministro frankistari
Donostiako Udaleko talde guztiek adostu dute Urrezko Domina kentzea Federico Silva Muñozi, Francoren diktadura garaian Herri Lanetako ministro izandakoari. PPk bere ekarpena balioan jarri du, Donostiako saihesbidea adibidetzat jarriz; hala ere, Memoria Historikoaren legea bete behar dela argudiatuta, domina kentzearen alde agertu dira.
Haizea Garai Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotziak kritikatu zuen joan den azaroaren 17an, 2017an bere alderdiak domina kentzea eskatu zuenetik, “EAJ-PSE-EEren gobernuek ez dutela hatz bakar bat ere mugitu horrekin amaitzeko”, eta zinegotziaren arabera, “horrek erakusten du gobernu honen utzikeria frankismoaren biktimen memoria eta duintasuna berreskuratzeko”.
2018ko irailean, eta EAJ-PSE-EEren “gobernuaren immobilismoa ikusita”, berriro proposatu zuten, eta “berriro onartu zen udal gobernuari eskatzea hark aktibatu zezala Agurgarriko Ohore eta Goraipamenen Erregelamendua aldatzeko prozedura”, Federico Silva Muñoz ministro frankistari urrezko domina kendu ahal izateko.
Azkenean udal erregelamendua aldatu behar izanik gabe kendu zaio domina ministro frankistari, Memoria Historikoaren legea, udal erregelamenduaren gainetik dagoelakoan.