Burua altxatzen al duzu alde batetik bestera zoazenean?
Arkitektura eta artea herritarrengana hurbiltzea da Maushaus laborategiaren helburuetako bat, eta hortik doa 'Donostia Atik Zra' liburua. Herritarrak euren ingurua arretaz begiratzera gonbidatzen ditu lanak, hiriko eraikinetan alfabetoko hizkiak aurkitzeko aitzakiarekin.
Zelai batean buruz gora etzanda, lainoei begira, batek besteari zera esaten dio: “Laino horrek ipotx bat dirudi!”. Eta besteak erantzun: “Hara, eta horrek zakur bat!”. Nork ez du hori egin txikitan? Bada, hori da Maushaus arte eta arkitektura laborategikoek berreskuratu nahi dutena: eguneroko kezkak alde batera utzi, eta, patxadaz, Donostiako eraikinei eta bestelako elementu arkitektonikoei begiratzea, alfabetoko hizkiak aurkitzeko. “Egunerokoan, gauza guztiekin anestesiatzen gara, denak zentzua galtzen du. Horregatik, behatzera gelditu behar gara, eta gero eta denbora gehiago behatu, orduan eta gauza gehiago ikusiko ditugu”, azaldu du Maushauseko arkitekto Carlos Arrutik.
Ariketa hori egin dute Maushausekoek, eta Donostia Atik Zra liburua argitaratu dute. Arrutiren hitzetan, “Donostiako arkitekturaren gida bat dirudi, hiriko eraikin garrantzitsuenak biltzen dituena. Baina ez da hala. Joko bat da, zoriarekin eta hiritik galtzearekin zerikusi handia duena. Herritarren begirada aldatzeko balio du; eguneroko errutinatik ateratzeko, eta leku batetik bestera zuzenean joan ordez, turistaren begirada hori berreskuratzeko. Kaletik zoazenean, burua altxatuz, normalean ikusten ez dituzun gauzak ikusteko”. Ildo beretik jo du Miriam Camposek, Maushauseko kolaboratzaileak: “Alde batetik bestera goaz, beste ezertan pentsatu gabe, eta ez diogu arkitekturari, itzalei, argiei eta halako elementuei erreparatzen. Beraz, hiria berriro begiratzen ikastea du helburu liburuak”.
Horretarako, hiriko eraikinek eta bestelako elementu arkitektonikoek osatzen dituzten formetan hizkiak aurkitzea da liburua osatzeko aukeratu duten aitzakia. Arrutik azaldu duenez, duela urte batzuk hasi ziren haurrentzako eskaintzen dituzten ikastaroetan halako ariketak egiten, eta, liburua osatzeko, urtebete pasa dute igandero hiriko auzoetara paseatzera joaten, formak bilatzera. “Hasieran zirudien ezinezkoa izango zela alfabeto osoa osatzea, baina gero joaten zara aurkitzen”, kontatu du arkitektoak. Horrez gain, Camposek gaineratu du alfabetotik abiatuta, beste edozein forma bilatu daitezkeela: “Liburua ez da gauza itxi bat, hiritik zoazenean burua altxatzeko eta formak bilatzeko aitzakia bat da, gure ingurua gehiago begiratzeko. Ez dira hizkiak ere bilatu behar, edozein auzotara joanda, beste edozein forma bilatu daiteke”.
Hizkiak esanahiz bete dituzte
Liburuan, hizki bakoitzaren argazkiaren ondoan, testu txiki bat doa, batzuetan argiagoa eta beste batzuetan enigmatikoagoa. Batzuetan, testua irakurrita ulertzen da argazkia, eta, beste batzuetan, soilik argazkia ikustean ulertzen da testua. Hizkiak esanahiz betetzeko helburuarekin egin dute hori, Arrutik azaldu duenez: “Ikusi genuen alfabeto feniziarrean hizki guztiek esanahi jakin bat zutela. Hau da, a hizkiak, esaterako, idiarekin lotutako esanahia zuen, hizkiari buelta emanez gero [maiuskulaz], idi baten burua ikusten delako. Ordea, guk hizkiak esanahiz hustu ditugu. Horregatik, hizki bakoitzari esanahi berri bat ematea erabaki genuen, Donostiarekin lotuta, betiere”.
Hizki kutunak
Bakoitzak bere istorioa eta bere bereizgarriak baditu ere, Camposek eta Arrutik badituzte euren hizki kutunak liburuan. Arrutiri, adibidez, x gustatzen zaio gehien, gainontzekoak ez bezala, “hutsune batean oinarritzen delako”. Camposek, aldiz, g-a du gustukoen, hiriko zabalguneko atari zahar batean aurkitu dutelako. “Hala ere, liburutik gehien gustatu zaidana honakoa izan da: argazkiak ikusteak eta kaletik hizkiren bat aurkitzeak ateratzen dizun irribarrea”.