Ilusioa mantentzeko aitortza jaso dute
Iazko uztailean ireki zuten Groseko Muno Baserria denda, pandemia hasi eta gutxira. Arriskatzea erabaki zuten eta pozik daude izandako harrerarekin. Gainera, duela gutxi Donostiako merkataritza sarietako bat eskuratu dute, saltoki sortu berrien kategorian.
Saria garrantzitsua izan da Muno Baserria dendarentzat. «Urte eta erdi pasa da ireki genuenetik, eta ilusio berezia egin digu aitortzak», dio Jone Irizar Zinkunegi dendariak. Donostiako Sustapenak duela gutxi banatu ditu V. Donostia Merkataritza Sariak, eta Groseko denda saritu dute saltoki sortu berrien atalean.
Pandemia garaian, «zirt edo zart» egitea erabaki zuten, eta, horrela, Grosen denda propioa ireki zuen Irizarrek familiaren babesarekin. «Nire betiko ametsetako bat izan da denda irekitzea. Gauza asko elkartu ziren eta pausoa ematea erabaki genuen. Hori bai, beldur askorekin. Pandemia ez da gauza segurua, baina denda zabaltzeko momentua zela konturatu ginen. Bai, arriskatzea erabaki genuen», azaldu du Irizarrek.
2020ko uztailaren 28an ireki zuten denda, Groseko Nafarroa Beherea plazan. «Gogoan dut mugak irekita zeudela, eta lanak egiteko ez genuen arazorik izan. Alde horretatik zortea izan genuen», nabarmendu du Irizarrek. Hasiera ez zen erraza izan, pandemiak ezarritako neurriak bete behar izan zituztelako. «Ezjakintasunarekin topo egin genuen. Betidanik aritu naiz saltzaile lanetan, baina pandemia baterako ez zaude prest. Gutxieneko segurtasun distantzia, gelak, eskularruak… Dena berria zen guretzat. Protokolo guztiak ikasi genituen denak jartzeko». Pixkanaka, aurrera egitea lortu zuten.
Baserria oinarri
Ibaetako Muno baserriko alaba da Irizar. 500 bat urte ditu baserriak, eta Donostiako zaharrenetariko bat da. «Betidanik familiarena izan da, irizartarrena. Hasiera batean, fruta arbolak gehiago genituen baserrian, eta barazkiekin batera, produktu horiek saltzen genituen». Horrela hasi zen Irizar saltzaile gisa, baserriak Bretxako merkatuan zuen postuan: «Txiki-txikia nintzela amonarekin joaten nintzen baserriko produktuak saltzera. Ondoren, beste bi fruta dendetan egin nuen lan, eta esperientzia hori lagungarria izan zen denda propioa zabaltzeko».
Garaian garaiko baserriko produktuak dira Groseko dendako protagonistak. Une honetan, erdi-erdian dituzte salgai baserriko aza, zerba, porrua, patata, kalabaza eta beste. Baita kiwia ere. «Duela hogei bat urte landatu genuen, eta ondo saltzen den produktua da», dio Irizarrek. Dagoeneko bertakotzat jotzen diren frutez gain, kanpokoak ere landatu dituzte baserrian. Esaterako, azalore morea, hainbat patata mota eta kiwanoa. «Tarteka aitari gauza berriak proposatzen dizkiot landatzeko, eta kiwanoa da horietako bat. Barrutik granada baten antzekoa da, eta jendeak entsaladetan erabili ohi du».
Etorkizunari begira jarrita, saria jaso osteko ilusioari eusten dio Muno Baserria dendak. «Bezero kopuruak gora egitea espero dugu. Izan ere, produktuak baditugu, baina bezeroak falta dira. Pandemiaren ondorioz, gorabehera handiak daude. Beldurra nabari da kalean. Dena dela, ilusioarekin eta lanerako gogoarekin jarraituko dugu», adierazi du Irizarrek.