Jasangarritasuna eta berrerabilpena oinarri izango ditu 'Eginzaleak!' egitasmoak
Tabakalerako Medialab-ek ‘Eginzaleak!’ jardunaldiak hartuko ditu abenduaren 14tik 18ra. “Egitearen kultura” sustatzeko topaketa izango da, eta antzeko metodologiak partekatzen dituzten beste hainbat proiektu izango dira eta Euskal Herriko, Madrilgo eta Toledoko eragileek parte hartuko dute.
‘Eginzaleak!’ 2013an sortu zen, eta maker eta hacker espiritutik abiatuz, hainbat arlotan herritarrek egindako proiektuei lotuta, hala nola sorkuntza, fabrikazio digitala, diseinua, berrerabilera edo kodearen erabilera berriak. DIY (Do It Yourself) eta DIWO (Do It With Others) filosofiei erantzuten diete, hau da, zuk zeuk egin eta beste pertsona batzuekin egin, horrela egitearen eta elkarlanaren kultura aldarrikatuz.
Aurtengo Eginzaleak edizioak jasangarritasunean eta berrerabilpenean jarriko du arreta, eta “materialen sinpletasunaren, funtzionaltasunaren eta zirkulartasunaren balioa nabarmendu”.
Egitarau zabala
Jardunaldiak bi eguneko bi tailerrekin hasiko dira, abenduaren 14an eta 15ean Medialaben egingo direnak: Mazedonia Diseinu Elkarteak hondakin plastikoen inguruan gidatuko duen ‘Plastic Cakes’ lantegia, eta ehun berrerabilpenari buruzko ‘Upcycling’ tailerra, Aritz de la Herak eskainia.
Abenduaren 16an, osteguna, ‘Eginzaleak 2021’ solasaldia izango da Tabakalerako Z aretoan. Diseinuaren, berrerabilpenaren eta jasangarritasunaren inguruan lan egiten duten hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango da. Parte hartzaileak: Abad altzarien diseinu taldea; Arquimaña arkitektura estudioa, fabrikazio digitaleko diseinua eta lantegia dituen egitasmoa; Precious Plastic plastikoen open source birziklatze komunitatea eta The Eko Lab moda, berrikuntza eta jasangarritasun laborategia.
Abenduaren 17an, ostirala, filosofia eta egiteko moduak partekatzen dituzten konponketa proiektuen lehen topaketa egingo da, Medialabeko HorKonpon proiektuarekin batera. Seigarren urteurrena ospatzen du eta eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresnak konpontzea eta berrerabiltzea du ardatz. Hitzordu horrekin bat egingo dute Euskal Herriko proiektuek eta Espainiako Estatuko gainerako herrialdeetatik etorritakoek: Geltoki Repair Café, Kafe Konpon Bergara, Lurlab Ataun, Repair Café Barcelona, Repair Café Madrid, Repair Café Toledo eta Araban sortzeko prozesuan dagoen taldea.
Abenduaren 18an, larunbata, ekitaldiz betetako eguna izango da Medialaben: ‘Eginzaleak! 2021 Azoka’ Tabakalerako Medialab barruan egingo da lehen aldiz, eta erakusleiho izango da jardunaldietan egindako ekimen eta jarduerentzat eta baita beste autonomia erkidego batzuetako proiektu gonbidatuentzat ere. HorKonpon konponketa tailerra irekita egongo da irratiak, entxufeak, jostailuak, kremailerak edo beste edozein objektu konpondu nahi duen edonorentzat. ‘Trumoi eta tximistak!’ familiei zuzendutako musika tresnen tailerrarekin osatuko da eguna, birziklatutako materialekin, eta zure mugikorrerako mikroskopio bat sortzeko tailerrarekin.
Informazio praktikoa
‘Eginzaleak! 2021’ jardunaldien barruan antolatutako lantegi guztietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da tabakalera.eus-en. Gainerako jarduerak, mahai inguruak eta elkarrizketak sarrera librean egingo dira, edukiera bete arte.