Lehen arreta indartzeko eskatu du Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak agerraldia egin du goizean Amara Berriko Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren egoitza aurrean. Lehen arreta eta bereziki osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatu dute. Horrekin batera, 1.000 erreklamaziotik gora erregistratu dituzte egoitzan.
“Premiazkoa da lehen arreta indartzea eta harresi administratibo, telefoniko eta informatikoei muga jartzea, osasunerako eskubide unibertsalean desberdintasunak areagotu egiten baititu. Osasun sistema publiko, doako, kalitatezko eta unibertsal bat bermatzeko beharrezko baliabideak jar ditzala eskatzeko aurkeztu ditugu erreklamazioak”, azaldu du plataformak.
Antolatzen hasiak direla nabarmendu dute, eta osasungintza publikoaren alde dauden erabiltzaile, herritar eta langile guztiekin bat egin nahi dute. Hori dela, ostiralean, bilera irekia egingo dute Groseko Okendo Kultur Etxean, 18:00etan.