100 urte Kursaal kasinoa eraiki zenetik
1921ean eraikin zuten Kursaal Kasino Handia Urumea ibaia itsasoratzen den lekuaren ondoan. Urte luzez jarduera ugari egin ziren bertan, 1973ean eraitsi zuten arte. 1999ean Rafael Moneok Kursaal Jauregia eraiki zuen bertan, kasinoak utzitako hutsunea betez.
Argazkia: Kutxateka / Ricardo Martin Eraikin dotorea zen Kursaal kasinoa, garai hartan Europan modan zeuden kasinoen itxurari jarraitu zioten.
Kursaal izena alemanetik dator. Izan ere, kursaal hitzak bainuetxe esan nahi du. XIX. mendeko bainuetxetako arkitekturan ohikoa den elementu arkitektonikoa da. Finean, erabilera anitzeko eraikinak dira, Kursaalaren kasuan bezala.
1921ean eraiki zuten, baina 1922ko ekainaren 29an ireki zituen lehen aldiz ateak. Inaugurazio festan Maria Kristina erreginak parte hartu zuen. Antzezlanak, dantzak eta bakarrizketak eskaini ziren gonbidatuentzat. Iluntzean, afari handi bat egin zen jazz kontzertu batekin batera.
Eraikinak gorabehera ugari izan zituen 50 urteko historian zehar. Izan ere, Europako kasinorik onenen artean izatera heltzeko helburua zuen arren, 1924ean jokoa debekatu zuten estatu espainiarrean. Hala,bestelako jarduerak egiten hasi ziren bertan: antzerkia, zinema, kontzertuak…
Jauregia Groseko hondartzaren eta Urumea ibaia itsasoratzen den lekuaren aurrean kokatua zegoen, hain zuzen ere, itsasoari irabazitako lurretan. Eraikinaz gain,zubi bat eraiki behar izan zuten Kursaala hiriaren erdigunearekin lotzeko. Ofizialki Zurriolako zubia den arren, Kursaaleko zubia izenez ezaguna da hiritar askoren artean. Zubia 1922. urtean eraiki zuten, eta bi eraikuntza berri hauek guztiz aldatu zuten Gros auzoaren eta Zurriolaren itxura.
Kursaal Handian jokalekua, jatetxea, zinema aretoak eta hainbat areto osagarri zeuden, baita 859 ikuslerentzako lekua zuen antzoki bat ere. Horrez gain 3.000 metro koadroko terraza zuen kanpo aldean.
Kursaalaren eraisketa
Jabetza pribatuko eraikina izanik, jabeek eraikina kokatzen zen lursailari etekina atera nahi izan zioten. Hala, Kursaal jauregia hiriko ikur garrantzitsuenetakoa izan arren, 1960ko hamarkadan eraisketa lanekin hasi ziren. Asmoa lursail horietan beste eraikin bat eraikitzea zen.
Erabaki horrek polemika handia eragin zuen hirian, eta eraikin berriarentzako proiektuen lehiaketa publiko bat egiten zen. 1965ean lehen proiektua onartu zuten, baina hura eraikitzeko zailtasunak zirela eta, bertan behera uzteko erabakia hartu zen.
1973an, Kursaal Handia eraitsi zenean, K. Orubea izena hartu zuen orube bat libre geratu zen. 20 urte baino gehiagoz, hutsik izan zen espazio hori. Fatxadaren hainbat zati kendu eta gorde egin ziren, baina gainontzekoa eraitsi egin zuten.
San Telmo Museoak kasinoko objektu bat du gordeta bere erakusketa iraunkorrean. Kasinoan 1922tik 1924ra arte egon zen bola jokorako mahai bat dago bertan. Horrez gain, Kursaaleko kupula originala apaintzen zuen Julio Vila Pradesek egindako mihisearen sei zati ere gordetzen ditu.
Azkenean, Donostiako Udalak nazioarteko lehiaketa bat deitu zuen. Rafael Moneo nafarraren lana izan zen hautatutako proiektua, eta 1999an Kursaal Jauregi berria eraikitzeko lanak hasi zituzten.
Gaur egun, Donostiako Parte Zaharreko Kale Nagusian izen bereko Kursaal kasinoa dago. Kasino hori, garai bateko Petit Casinoa (kasino txikia) da. Kasino handia desagertzean, kasino txikiak hartu zuen Kursaal izena.

