1953tik aurrera Zinemaldian proiektatu diren 40 film izango dira 'Nosferatu' zikloan
Nosferaturen baitako “Zinemaldia 70” ziklo berria aurkeztu dute gaur Tabakaleran. Zinemaldiaren historiara hurbilduko du zikloak, jaialdiaren jaiotzaren 70. urteurrenean. 1953tik aurrera programatu diren 40 film proiektatuko dira. Datorren urtarrilaren 5ean ekingo diote denboraldi berriari programarenn antolatzaile diren Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
Jacques Becker-en Casque d’Or (1952) filmak emango dio hasiera zikloari, Donostiako Zinemaren Nazioarteko 1. Astean proiektatu zena, 1953. urtean, hain zuzen ere.
Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak antolatu dute Nosferatu “Zinemaldia 70” zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura-Valentziako Generalitateko Filmategiaren laguntzarekin eta 2022ko urtarrila eta abendua bitartean gauzatuko da. Hamabi hilabete horietan zehar, Zinemaldiaren historiara hurbilduko gaituzten 40 film eskainiko dira, 1953tik jaialdiak proiektatu izan dituenak. Gehien bat, Sail Ofizialetik eta lehen errealizazioei zuzendutako sailetatik hautatutako filmak dira.
Lehen hiruhilekoan, besteak beste, honako hauen filmak ikusi ahal izango dira: Douglas Sirk, Jean Cocteau, Howard Hawks, Volker Schlöndorff, Margarethe von Trotta, Ingmar Bergman edo Josefina Molina.
Zikloarekin batera, Zinemaldiaren historian inspiratutako bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehenengoa, Zinemaldia 1953-2022. Singularidades del Festival de Donostia / San Sebastián, Nosferatu Bildumaren 18. zenbakia, Quim Casasek koordinatu du eta urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Katixa Agirrek idatzia, Nosferatu Bildumaren 10. zenbakia, 2022ko amaieran argitaratuko da.